Lehenik eta behin, hauxe argitu nahi dut: artikulu honetan deskribatzen eta aztertzen dena sexu hezkuntzan daramatzadan urteetan gai horren inguruan ikusi eta aztertu dudanaren emaitza da. Izenburuan argi ikusten denez, nerabeak dira artikulu honen protagonistak. Horregatik ezinbestekoa da azpimarratzea nerabezaroa aldaketa ugariko garaia dela, nerabeak, oso epe motzean, ume gorputza izatetik heldu gorputza izatera iristen dira. Horrek ondorio nabarmena du gaur aztertzen ari garen gairekin lotuta. Gorputz berri hori izango du, eta, momentu horretatik aurrera, pertsona heldu baten gorputza dute kanpo aldetik, nahiz eta oraindik heldu izatera iristeko prozesua luzea izan. Horixe da nerabezaroan gertatzen den gertakari bitxia, desoreka handia dago diruditenaren eta direnaren artean. Itxurak eragin handia du gaur egungo gizartean, eta zer esanik ez nerabeen artean, horregatik, nerabezaroan itxurak garrantzia handia jokatuko du, bere identitate osaketan, sozializazioan, eta helduekin izaten dituen harremaneta. Argi dago heldu izateko prozesu horretan daudela; ez dira umeak jada, baina oraindik ere bide luzea dute helduok dauzkagun gaitasun asko garatzeko.Helduondako ere ez da erraza. Gure aurrean dauden gaztetxoek heldu gorputza garatzen dutela ikustea, eta askotariko sentimenduak sor ditzakete guregan. Hau da, nahiz eta helduok gure tokia zein den jakin badakigun, gazte horiek, beraien gorputzak agerian ikusteak hainbat sentimendu sor ditzakete guregan, erakarpena, desira... Azken finean, gure begiek eta zentzumenek ez dute adinaz ulertzen; bai, ordea, gure arrazionaltasunak. Sentimendu horiek izatea ez da ezer txarra, sentitzea ez da kontrola galtzearen sinonimo, ezta sentitzen dugun guztia jokabide bihurtzearen sinonimo ere. Sentitzea bizirik gauden seinale da bakarrik, eta guk, helduak garenez, sentimendu horiek bizi, onartu eta behar bezala bidera ditzakegu. Beraiengan, probokatzaile zama era negatiboan ezarri beharrean adibidez.Honen harira, bortxaketetan gertatzen dena etortzen zait burura. Hau da, nesken itxura edo jarrera epaitzen da askotan, bortxatzaileak egindako delitua epaitu beharrean. Delitua egin duenak, segur aski, pertsona horrenganako desioa eta erakarpena sentitu ditu, baina bortxatzea baino askoz aukera gehiago zituen: pertsonarekin ligatzeko prozesua hastea; edo, ezetza jasoz gero, beste norbait bilatzea desio hori aurrera eramateko; edo desioa sortu dion pertsonarengan pentsatuz bere buruari plazera ematea; edo sentimendu hori bizitzea, onartzea eta, ezinezkoa dela onartu ondoren, bere burua kontrolatzea. Horrelako hamaika aukera gehiago egongo lirateke.Gure sentimenduei erreparatu beharrean, sentimendu horiek sortu dituenaren aurka jotzeko joera dugu; kasu honetan, arropa "erruduntzat" hartzen dugu. Gure sentimenduek ez dute borondaterik, horrelakoak piztea edo ez piztea ezin dugu kontrolatu, baina bai, ordea, sentimendu horiek aurrera eramatea. Beraz, minigona batekin edo eskote zabal batekin gure desioa piztu daitekeen arren, eragina dute horretan beste hainbat faktorek ere: usainak, begiradak, gorputzaren mugimenduak, hitz egiteko moduak... Horiek denak kontrolatzeko araudiak egin behar genituzke? Ez da errazago sentimenduzko pertsonak garela onartzea eta sentimendu horiek lasaitasunez bizitzen ikastea? Gure sentimenduak pizten dituena epaitu beharrean, hau da besteen janzkera, jarrera, adierazteko era epaitu beharrean.