2012 urtea bere azken taupadak ematen ari den honetan, batzuendako munduaren amaiera ate joka dabil. Aldiz, mundua aspalditik akabatua eta akatua dago beste batzuendako. Eta beste jende mordoxka batek ez du amaieran pentsatu nahi ere. Nik ez dakit nor ote dabilen zuzen, zuzentasunik baldin eta badago. Agian mundu hau ume baten esku dagoen zirriborro bat besterik ez da. Zalantza bakarra orri txuri gehiago ote dauden da, besterik gabe.Ez badago orri txuririk, kitto! Zer esan gutxi... Baina baldin eta hamabi mahatsak jatean bizirauten badugu (ez ito saiakeran gero!) nik orri txuria kolorez margotuko nuke. Mila kolore eta mila irri marraztuko nituzke, barrutik marrara eta marratik kanpora, ume baten gisa. Ondoren, orri txuri bera hitzez josiko nuke, gazte batek kaleko ormetan edo komuneko ateetan egingo lukeen bezala. Eta hitz larriz idatziko nituzke ametsak: herri askeen mundua, gizon eta emakumeen parekidetasuna islatzen duen mundua, jendeak askatasunez mugitzeko eskubidea izango duen mundua, inor gosez hilko ez den mundua, klase sozialik gabeko mundua, milaka hizkuntzetan mintzatuko den mundua, desberdintasuna aberastasun bezala ikusiko duen mundua, lurra maitatuko duen mundua, gu guztion mundua.Agian bizitza adituz, azken txanpa batera iritsiko nintzateke pultsu makalean. Eta azken zati hori txuriz utziko nuke. Nire ondoren helduko direnek haien modura bete dezaten.Baliteke hau ere zirriborro bat besterik ez izatea... baina artelanera iristeko funtsezkoak omen. Orri txuriak dauzkagun bitartean saia gaitezen gure mundua eraikitzen eta gure historia egiten.