Pago ipurdi-iparrari goroldioa bezala izen batzuei izenondo bat lotzen zaie tenkor.eta luzaz. Halaxe gertatu zaio Ibarretxeri plana hitzarekin. Ibarretxe entzun eta berehalaxe haren planaren gomuta datorkigu, nolako bidea uraitu zuen eta haren etsipenezko amaiera. Kataluniako auziaren zurrunbiloan Ibarretxeren plana deritzana puri samarrean dago berriz, eta gaurkotasuna hartu du espainiar konstituziozaleek aireko beldurrak uxatzeko edo, Generalitat-en erronka subiranistari Ibarretxeren planaren amaiera berbera ikusten diotelako: zakarrontzia eta protagonisten porrota.Ibarretxeren gobernuaren proiektuaren destinu petrala azaltzeko arrazoien artean bat nabarmenduko nik, hots, EAJko zati batek, Imaz eta Azkuna tarteko ( orain munduko alkate izendatu berritan munduko krisi eta aje guztiak akabo) bizkarra eman zion ditxosozko planari. Lehendakariak burua makur eta buztana hanka tartean ikusi zuen bere alderdiaren epelkeria jasandako umiliazioaren aurrean.Halakoxea espero dute Madrilen, ezezkoa ematea auzitegiz edo legez eta konpontxo bat egitea zentzaturiko kataluniarrekin. Països-etik, ordea, bestelako berria ematen digute, oraingoa ez da Mas gora behera, pertsona edo gobernu jakin baten plan huts bat. Aitzitik herriaren zati mardul baten benetako xede edo goiasmoa da eta nahikari hau ez dute ezezko arrotz batekin historiaren zakarretara bidaliko.2014an gertatuko denaz egarri, dakiguna da herri katalanak bide malkartsuari ekiteko behar bezainbat indar, jakintza eta adorea dauzkala orain. Espainiak zer dauka eskaintzeko?