Pasa dira eguberriak eta gure eguneroko bizitzari ireki dizkiogu ateak berriro ere... Gaurkoan joko eta jostailuei tartetxo bat egitea interesgarria iruditu zaigu, eguberrietan paper garrantzitsua bete baitute umeak eta gaztetxoak dauden etxeetan batik bat.Irurtzungo zonaldeko Gizarte Zerbitzuak joko eta jostailuen inguruan urte bukaeran ekintza desberdinak antolatzen ditu (joko kooperatiboen erakusketak, joko eta jostailu egokiaren erakusketa, trukaketak...), hauek paper garrantzitsua betetzen baitute ume eta gaztetxoen garapenean, baita hauen familietan ere. Drogamenpekotasun Prebentzio programatik joko eta jostailuaren inguruan familiak duen papera azpimarratu nahi dugu. Hau da, jokoa eta jostailua tresna moduan erabiliz, familian ematen diren harremanei garrantzia eman nahi diegu. Jolasaren bidez familia barruan ematen diren emozioak azalerazi eta landu daitezke, komunikazioa hobetzeko baliabide itzelak direlarik. Gainera familia barruan konplizitatea sortu eta mantentzeko tresna egokiak dira, umeekin jolasean pasatzen dugun denbora horretan sentimendu, egoera... desberdinak agertu eta landu ditzakegulako. Gurasoak seme-alabekin jolasten denbora pasatzea oso gomendagarria da, momentu atseginak elkarbanatzeko aukera ematen digulako, harremanak sendotuz. Ezin dugu ahaztu jolasak umeetan sortzen dituen onurak, hauen garapenean paper garrantzitsua jokatzen baitu. Jostailuak baino garrantzia handiagoa jolasak berak dauka. Jolasa mundu sinboliko bat da, hain zuzen, umearendako hain itzela den errealitatea barneratzeko modua. Errepresentazio modu bat da, errealitatea ulertu, onartu eta egokitzeko. Jolasak badu beste ezaugarri bat garapenerako oso garrantzitsua dena: txikienetan jakin-mina sortzen duela. Aipatutako guztiagatik joko edo jostailu egokia aukeratzea garrantzitsua da. Jostailua haurraren adinari eta haren garapen mailari egokitu behar zaio. Aldi berean jostailu asko oparitzea itogarria izan daiteke haurrarendako. Hobe da opariak urte barruan egitea, opari guztiak garai zehatz batean egitea baino. Gomendagarria da jostailuek dibertitu, hezi eta irudimena garatzea. Beraz, jolastera!!