Eguneroko albisteak arlo guztietan negatiboak dira: lan istripuak eta errepidekoak, festa guneetan segurtasun falta, emakume eta adingabekoen hilketak, osasunaren eta hezkuntzaren aldeko grebak, garraio, energia eta elikagaien prezioen igoerak, enplegu erregulazio espedienteak etengabe... azken batean, erabateko kaosa eta langabezia goraka arin-arin. Pentsiodunen kolektiboa erosteko ahalmenaren galeragatik kezkatuta eta milaka kasutan seme-alaba nagusiak etxean, eta ilobekin ere; jende asko edukiontzietan bilatzen eta gizarte-jangeletara eta Caritasera joaten, eta abar, eta abar. Gurasoek kontatzen zuten 1936-1939 gerra aurreko eta ondorengo panorama antz handia duela egoerak: gose urteak, langabezia eta miseria. Pentsatzen dut egin dezakegun elkartasun ahalegin guztiaz aparte, erakundeetatik gehiago egin beharko litzatekeela egoera arintzeko. Arakilgo Udalak Tokiko Enplegua sortzeko ekimen oso interesgarria du. Haren eredua segi beharko lukete Sakanako gainontzeko udalek eta Mankomunitateak eta Tokiko Enplegua eta orokorra gehiago sustatu aurrekontuetako sailak bideratuz. Baita industria-lurra baldintza onetan eskainiz, ekimen pribatuak enpresa berriak jartzeko aukera izan dezan. Ezin gara Mirariaren zain geldirik gelditu, aberastasuna eta lana sortzeko ideiak garatu behar dira. Hauteskunde Programak bete behar dira, batez ere interes orokorraren eta kolektiboaren izenean. Batez ere, beharrezkoenagatik hasi behar da: lana sortu, ordu estrak kendu, lana egoki banatu eta elkartasun handiagoa izan ahulenekin.