Eskolako eta institutuko erlijio klaseetatik (1955 et 1965 urteak) gogoan ditut Apokalipsiko zaldunak 4 zirela: Izurria, Gerra, Gosea eta Heriotza. Txuriago edo ez ziren zaldien gainean guztiak ere. Gaur, XXI. mendean eta krisi eta kaos betean, 4 zaldun apokaliptikoak hauek lirateke: isilarazi nahi gaituen eskuin zaharkitu eta kontserbadorea; bazter guztietatik itoak gaituzten Banka eta Kapitala; bidegabekeria eta ustelkeria, lapurtutakoa itzultzen ez eta kartzelara joaten ez diren politiko eta bestelako txorizoen berri dugu egunero eta, azkenik, Eliza kontserbadorea eta atzerakoia, zergarik ordaintzen ez duena, OHZrik ez du aitortzen, abortuen eta homosexualitatearen kontra dago eta eta abar. Hala eta guztiz ere, gizartea jo ta ke aldatzen ari da eta burua jasotzean, dudarik gabe ahalegin handiarekin eginen dugu, bai politikariek, bai Bankak, bai Justiziak baita Elizak ere txipak aldatuko dituzte. Zeren bestela, jakituna eta koherentea den Gizarteak egin eta egiten ari diren kalte guztiagatik kontuak eskatuko dizkie. 6 milioi langabetu, gosea pasatzen eta premiazko beharrak ase gabe dituen jende asko, gazteriaren erdia enplegurik gabe eta horrela, etsitakoen, etxe-gabetuen, kaleratuen, pribatizazioen eta abarren kontakizun luzea.