Dagoeneko, Sakanako biztanle gehienek jada jakinen dute Nafar Gobernuak Cementos Portlandek Olaztiko plantan hondakinak errauts ditzan baimena onartu duela. Eta hori udalaren beharrezko onarpenik gabe egin duela ere bai, udalaz gaindiko eraginaren formula erabiliz horretarako.Gobernuak baimentze honetan erabilitako argudioetako bat da, ustez, Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integratuarekin (NHKPI) bateragarria dela. Ez ahaztu plan horri Sakanako Mankomunitateak eta Sustrai Erakuntzak helegitea jarria diotela, bere helburua nafarroako hondakinen erdia erraustea baita, Europatik eratorritako legediari muzin eginez.Paradoxikoki, Nafar Gobernuak bere plangintzari jaramonik egin ez eta, "Nafarroako Erraustegi" berria bere planak baimentzen ez duen toki batean kokatu du. Erraustegi hau Olazti eta Altsasuko etxebizitza eta eskoletatik metro gutxitara kokatua dago, parke naturaletatik eta nekazal nahiz abeltzain eremuetatik oso hurbil, eta baita biztanleriaren zati handi bati edaten ematen dion akuiferoetatik ere. Hau gutxi ez balitz, jendarte eta ingurumen arloko eraginak ehunka kilometrotan zabaldu daitezkeela ez ahaztu.Aipatutako guzti hau dela ere, Gobernua ez da plangintza aldaketa honen ondorioak aztertzen jarri. Are gutxiago, jendarteak hondakinen kudeaketa eredu berri honen inguruan duen iritziaz. Honela, gure agintariek duten aurreikuspen ezaren eta arautegiari dioten mespretxuaren adibide berri baten aurrean gaude. Oraindik banako batzuen interesak interes orokorren gainetik daudela argi dago. Ondorioz, Sustrai Erakuntzak, gainontzeko jendarte mugimenduekin, lantzen jarraituko beharko duen beste fronte bat.