Zer? Etxarri 2012+1

Mikel Mundiñano 2013ko ots. 1a, 00:00

Hasi berri den 2013 urte honetan, Etxarri 2012 herri ekimena taldean gure lana ez dela bukatu eta lanean jarraitzeko hamaika arrazoi dagoela erabaki dugu. Ez da bukatu, gure historia ez delako urte borobiletara mugatzen eta erabakitzeko eskubidearen inguruan, oraindik, lan handia dagoelako egiteko.Erronka berrien aurrean gaude, beraz. Erabakitzeko eskubidea eskuratzeko garaia da. Kontu sinplea dirudi, herri baikoitzak du bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Baina giza eskubideen kartan jasota dagoen eskubide hori, behin eta berriz, urratzen da. Gure Europa zaharrean hamaika dira erabakitzeko eskubidea baliatu ezin duten herriak.2014 urtean Eskoziak Britainia Handian jarraitu nahi duen edo ez herri galdeketa bidez erabakiko du. Londreseko agintariek erreferendumaren emaitza onartuko dutela esan dute dagoeneko. Kataluniako agintariek ere bere erreferenduma 2014 urtean egingo dutela diote. Katalanek, orain dauden egoerara iristeko, lurraldearen %75ean tokian tokiko galdeketak burutu dituzte eta 2009 urtean izan zen lehenengoa (Arenys de Munt 2009-IX-13).Etxarri 2012 taldeko kideek pauso bat aurrera ematea erabaki dugu eta Etxarri Aranatzen, 2013an, herri galdeketa burutu ahal izateko legez eman behar diren pauso guztiak ematen hasiak gara. Herri galdeketa, erabakitzeko eskubidearen ariketa praktiko gisa planteatu eta burutu nahi dugu. Urteetan tabu izan den gaia, herrian normaltasunez plazaratu eta eztabaidatua izan dadin.Galdeketa 27/2002 Foru legea beteaz bultzatu nahi dugu, herri mailako erreferendum bat bultzatzeko eman behar diren pauso guztiak emanda. Lehenik, bost herritarrek, eskari bidez, udalean erreferendum eskaera egingo dute. Hori egin ondoren, eskaria udalbatzarrera eraman ahal izateko, hiru hilabeteko epean, erroldaren (zentsua) %10ak, sinaduraren bidez, babesa adierazi beharko dio eskari horri. Etxarri Aranatzen, gutxienez, 200 sinadura behar dira. Sinatze hori udaletxean bertan egin beharko da. Sinadurak eskuratzean eskari formala udalbatzar batean aurkeztu behar da. Bertan, eskariak aurrera egin dezan, gehiengoz onartu beharko da. Hortik aurrerako pausoak ematea Udalari, Nafar Gobernuari eta Madrilgo Gobernuari dagokie.Guk denondako eskubidea eskuratu nahi dugu, zaharrendako eta gazteendako, neskendako eta mutilendako, independentziazaleendako zein unionistendako. Eskubideek ez dute ez kolorerik, ez banderarik ezagutzen. Giza eskubide guztien errespetua da demokraziaren oinarria.Denok eman beharko dugu pauso bat aurrera eskubideen onarpena bermatzeko eta, horrexegatik, galdeketa egin ahal izateko behar diren sinaduren bilketan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak.Gure esku dago, ez ahaztu!