Bentzenozko ametsak

Eduardo Galan 2013ko ots. 1a, 00:00

Gaur hogeita bost egun egingo ditut erre gabe. Ondo ezagutzen nautenek badakite honako hau, gutxienez, hogeita hamar milagarren aldia dela tabakoa, berriz ere, uzten saiatzen naizena. Beraz, ez dira harrituko azken saiakera honekin eta erretzen hasten banaiz, ezta ere. Zer kredibilitate gutxi daukadan familia, lankide eta lagunen artean erretzeari uztearekin... Uzterakoan, lehenengo  gauetan ez dut ondo lo egiten eta, zigarro baten kearen gainean eserita, zeruak eta itsasoak zeharkatzen ditudala eta holakoak amesten ditut. Hau bizioa. Egunak eta gauak aurrera joanez, amets horiek desagertzen doaz eta, beraiekin batera, eztulak eta muki litroak ere bai.Nahiz eta erretzen dudan tabako paketeak ia bost euro balio, uztearen zergatia ez da diruaren kontua izan. Hala ere, kalkulu bat egin dut horri buruz, urte batean tabakoa erre gabe 1600 edo 1700 euro aurreztu ditzaket. Urtero hamabost egun "Karibe"-n aizu!!!! Baina uzteko benetako arrazoia petroliotik datorren bentzenoari esker izan da, hau tabakoak duen sustantzia kantzerigenoetakoa dugu. Ez nekien ezer bentzenoaz, baina azaroan errausketari buruz Altsasun egindako jardunaldiei esker, lagun dudan Fernando Palacios doktorearen azalpenaren ondoren, jakin izan nuen tabakoan aurkitzen den sustantzia honek gure osasunerako zer nolako pozoina den.Fernandok jardunaldietan abisatu zuen nola, errausketak egiten hasten badira, hau ere, burura botako digute eta, orduan, porlandegiak emango dit nire bentzeno dosia. Baina oraindik itxoin beharko du bentzenoz dena kutsatzeko zeren nahiz eta errausteko lizentzia izan, Nafarroako Auzitegi Nagusiak, herenegun, pikutara bidali ditu, oraingoz, bere bentzenozko ametsak. Kexak, iritziak, iradokizunak: dudugalan@hotmail.com