Dakigun moduan, Sakanan errealitate ezberdinak aurkitzen ditugu hezkuntza arloan. Herri batzuetan haurren euskalduntzea bermatzen den bitartean, beste batzuetan eredu arrotzak mantentzen dira, herri horretan (eta Sakana osoan) euskaraz bizitzea ezinezkoa egiten delarik eta haur guztien hizkuntza eskubideak errespetatzen ez direlarik. Hau da hizkuntza-ereduek uzten diguten ondorio latza. Ezinezkoa zaigu gure herrian gure hizkuntzan bizitzea.Badakigu azken urteetan aurrerapausoak eman direla eta, honen adibide, Etxarri dugu. Urteetan zehar eredu arrotzak egon diren arren, herritarren, bertako instituzioen eta eragile ezberdinen lanari esker, gaur egun herrian euskaraz ikasteko eskubidea bermatua dute haur guztiek.Baina badakigu ere, hizkuntza ereduak mantentzen diren bitartean ezinezkoa izango dela Sakana euskalduna lortzea. Wertek berak argi utzi du bere asmoa ikasleak espainolizatzea dela, aldi berean, hizkuntza-ereduak bere asmoak lortzeko egokiak direla onartuz.Beraz, argi geratzen da orain artekoak euskalduntzeko ez duela balio, eta hori gutxi ez balitz, erreformarekin egoerak okerrera besterik ez du egingo. Euskal curriculumetik urrunago kokatuko gaitu eta ikasleen euskalduntzeari ateak gehiago itxiko dizkio oraindik ere.Sakanan euskaraz bizitzeko eskubidea dugulako, nahitaezkoa da euskararen ezagutza unibertsala bermatzea eta belaunaldi berriak euskaldunduko dituen eskola euskalduna izatea.Aldaketa beharrezkoa dugu eta denon esku dago.GUK ESKOLA EUSKALDUNA!