Negu gorria da gurean. Gorriak ikusten ari garela jakin badakigu, baina azken egunetan sortu diren korrupzio iskanbilak direla eta, behatzek (behingoagatik bada ere) ez gaituzte gu seinalatzen. Goi kargu horietan dauden horiek, aldiz, Greziako olimpoan bailiran, ez dakite lotsa zer den, eta lotsak ere ez ditu gorritzen. Gorri kolorea eta bere esanahi iraultzailea aspaldi ezabatu baitzuten haien hiztegietatik. Handik edo hemendik poltsikoak bete, bidai bat hara eta beste bat haratago (helikopteroz bada hobe), eta behin sabelak eta sakelak goraino daudela ... zer? Agur eta beste bat arte.Politika bahitua dago. Berez, izatez, politikak gizakiaren elkarbizitza kolektiboan sor litezkeen arazoak guztion onurarako konponduko lituzkeen botere pilaketa behar luke izan. Egun ordea, begi bistara deskaruz eta lotsagabekeriaz lapurtzeko baliabide ezin hobea da. Atzean geratu dira galtza buruan jarrita, urduritasunak gaindituak, bankuak hala moduz lapurtzera sartzen ziren bi edo hiru pringatuak. Hori modaz kanpo dago. Orain gauzak guztiz aldatu dira, bankuak izanik bi edo hiru pringatu horiei eta hauek bezalako milaka pringaturi lapurtzen dietenak. Pultsua lasai, itxura ezin hobez, irribarretsu eta aurpegira. Galtzak beren lekuan, hau da, oinetan, pertsona heziak bezala, eta poltsikotik paradisuetara; helikopteroz bada ... hobe. Non dago zentzua, etika, morala, baloreak ...? Haienak paradisuren batean, oporretan, fiskalitatea itsu dagoen bitartean behintzat. Eta gureak? Noiz arte onartuko dugu hau? Noiz hartuko du, berreskuratuko du herriak dagokion hitza, guztion onurarako izango dena. Noiz? Politika bahitu dute, baliogabetuz, etsipenez zikinduz ... eta uste dut, helikopterorik ezean, txirrindulaz bada ere, politika herriratu beharrean gaudela. EZ DITUGU BEHAR!!