Gaurkoan Las sesiones filmaren harira idaztea bururatu zait. Sexualitatea ez da gehienetan osotasunean lantzen komunikabideetan, eta filmei dagokionez sexualitatea pornografiarekin erlazionatzen dugu gehienetan.Pornografiak noski bere espazioa eskaini eta eskaintzen dio harreman sexualei, baina ezin da ukatu sexualitatea bizitzeko eta harremanetarako eredu bat bultzatzen duela nabarmenki, harreman sexual genitalena, eta honekin lotuta genitalen tamainak, orgasmoa sentitzeko ereduak, eta produktibitatea agertzen ditu elementu nagusi gisa...Gainera, komunikabideetan sexualitate genitala bultzatzeaz gain, gorputz eredu batzuk ere erakutsi eta bultzatzen dizkigute, gorputz txuriak, gazteak eta argalak nagusituz... Hau dela eta, eredu horretan dauden pertsonak soilik sexualitatea dutela ematen du.Hau guztiagatik, sexologoek gure eguneroko lanean etengabe beste mezu batzuk zabaltzen ibiltzen gara, sexualitatea gorputz osora zabalduz, eta pertsona guztien sexualitatea nabarmenduz, bakoitzaren berezitasun eta aberastasunekin. Bide honetan, oso baliagarria da Las sesiones filma. Artikulu honetan sexologiari egiten dizkion ekarpen garrantzitsu batzuk aipatu nahiko nituzke:-Pertsona guztiak gure ezintasun eta berezitasunekin sexuatuak garela eta gure sexualitatea nahi dugun eran bizitzeko eskubidea daukagula erakusten digu. Sexualitatea pertsonon ezaugarri moduan erakutsiz, gorputza, garuna, eta bihotza sexualitatearen elementu garrantzitsuak direla agertuz.- Pornografian agertzen diren ezaugarriak (potentzia, oihuak, azkartasuna) eta gorputz ereduak albo batera utziz, film honek gorputz ezberdinak, naturaltasuna, emozioak (beldurra, gogoa,jakin-mina... ) eta sentimenduak (maitemina, maitasuna, elkartasuna, entzuketa) ikusteko aukera eskaintzen digu. Elementu hauek pertsonen sexualitatean etengabe agertzen diren elementuak direla uste dut. Eguneroko lanak nabarmentzen dit, hauexek direla askotan dantzan ditugun elementuak eta gutxitan erreparatzen diogula, detaile xumeei, gorputz osoaren elikatzeari, bestea entzuteari, bestearen inperfekzioan edertasuna bilatzeari...Komunikabideak gaur egun sekulako indarra daukate iritziak eraikitzerakoan, eta horrexegatik horrelako filmak eskertzekoak dira, irudiekin, denbora mugatu batean gure burua elikatzen laguntzen dutelako, eta gure sexualitateaz asko ikasi dezakegulako. Ziur, aipatutakoaz gain elementu askoz gehiago topatuko dituzuela, nik ezin dut ukatu filmak asko erakutsi eta bihotzez hunkitu ninduela.