Gure herriaren ibilbide eta ibilerak geureak dira noski, eta hala izaten jarrai dezala luzaroan! Baina munduaren zilbor sentitzeak, ditugun arazoak edo bertuteak geuk bakarrik ditugula pentsatzeak ez digu mesederik egiten. Altxor izugarria baztertzen dugulako, hain zuzen, besteengandik ikas dezakeguna eta haiek guregandik jaso dezaketena. Brigadak honetarako balio dute, gainerako herri borrokalarien hartu emanetik eta joan etorriko elkartasunetik, esperientzia konkretuen kontrabandorako alegia.Badira aurrera egiten lagun dezaketen adibide eta borroka esperientzia zenbait, batik bat, protesta hutsera mugatzen ez diren haiek; Argentinan, esaterako, gurearen antzeko krisi egoeran, lantegiak langileek eurak bereganatzen hasi zirenekoak, prozesu iraultzaile baten baitan Venezuelako lantegi sozialisten adibideak, behetik gorako ereduak, auzoetako kontzeju komunalak...Jatorrizko herriek, berriz, ez al dute euren bizkarrean milaka urtetako borroka esperientziaren bide xidorra? Mendebaldean hainbeste urtetan sinestarazi diguten ongi izatearen pentsaera kontsumista baino gehiago, nor berarekin, inguruarekin edo ingurukoekin ongi egotearen kontzeptua guztiz garatua dute eta egunerokoan gauzatua. Venezuela, Argentina, Uruguay eta Boliviaz gain, Saharako lurralde okupatuetan edo Palestinan, gurean bezala, herri okupatuan bizi beharraren gora beherak eta erresistentziaren inguruko hartu emanak ezin uka irakaspen bikainak direnik! Eman izena askapenak antolaturiko brigadetan.