Badut lagun bat edo beste eta hainbat ezagun Portland cementosen lan egiten dutenak eta normala denez, lanaz eta osasun onaz gozatzen jarrai dezaten nahi nuke. Orain arte ez dut Portland-en aurka ezer esaterik izan. Duela oso gutxira arte Sakanan izan dugun industria egitura ahaltsua hein handi batean enpresa honi esker izan da, lanpostuak eta aberastasuna ekarri baitizkigu, horren ordainetan gure inguruko airea kutsatu eta guk arnastu duguna oso garbia izan ez bada ere, hori omen ordaindu beharreko patua. Baina nire iritziz, orain Olaztiko udal erabakiaren aurka, inposatu nahi dena ez da onargarria. Hori ez du inork inon nahi eta are gutxiago bere inguruan. Ezin dut ulertu enpresa honetan lanean dauden pertsona batzuen jarrera, ezin dut ulertu errausketaren aurka dauden beste pertsonekin haserretzea, alegia, gure osasun onaz gozatzeko eskubidea defendatu besterik ez baitugu egiten, Tafalla eta Tuterako biztanleek babestu zuten bezala. Han alderdi politiko guztiek errauskailu bat hurbil izateari uko egin zioten, alderdi guztiek. Bierzoko zementu-fabrikan errausketarik eman ez zedin, Luis del Olmo kazetariak ere hori eskatzen zuen pankarta eraman zuen bere eskuartean. Basakeria honetara ukatu diren milaka adibide daude.Kutsatuak ez izatea nahi izatea errespetagarria da, ezta? Egun Sakanan ematen diren minbizi kasu ugariak susmagarriak dira, zer izango ote da sarri errausketan hasten bagara? Nolakoa izango da gure seme-alaba eta bilobentzat? Pentsatu ere ez dut egin nahi. Benetan, beldurra ematen dit.Bestalde, Sakanako pertsona batzuen irudia deitoragarria izaten ari dela uste dut. Hilerri nuklearrak izateko boluntario beren burua aurkezten duten herri horiek gogorarazten dizkidate, datozen horien hitza eta osasuna kontuan hartzen ez dutenak, hori bai, lanpostuak sortu eta dirua erakartzen dutenak (hartuak, emanak zor), hemen gertatuko ez den bezala.Minbizia izateko aukera bikoiztea berdin zaigu?Neska -mutilak kaltetuenak izango direla jakinda ere, berdin zaigu?Fetoengan ematen diren malformazioak eta abortuak hirukoiztea, berdin zaigu?Niri ez zait berdin. Ez nuke nire burua axolagabetzat jo nahi eta hemendik urte batzuetara gure ondorengoengatik egin beharrekoa ez nuela egin pentsatzerik, ez dut damutu nahi. Horregatik "3mugak batera" plataformarekin bat egingo dut eta martxoaren 16an izango den manifestaziora joango naiz, erokeria hau gelditzeko nire esku dagoen guztia egingo dut, nire seme-alabengatik, nire ilobengatik, lehengusuengatik, lagunengatik, gu hemendik joaten garenean beraiek hemen geratuko direlako. Ez du politikarekin zerikusirik, biziraute sena da.Gaizki esanak barkatu, ondo esanak ondo hartu