Ia-ia oparitzat saldu zuten %1 jaso zizkigutela pentsioak, ez zegoela murrizketarik. Baina egia erdia gezur bihurtzen du iruzur den beste erdiak. Gure ahalmen ekonomikoa gero eta murritzagoa dela da isildutako beste egia erdi hori: bizimailak gora egin du: % 4,7 galdu dugu 2 urtetan soilik, zergak jasotzen dituzte, alargun-saria hutsala da... eta honek ez du bukaerarik. Botikak berrordaintzera behartzen gaituzte, inoren beharrean bizi direnentzat laguntasuna murriztu dute, gaixo kronikoen egoerak okerrera egin du, mediku itxaronaldiak luzatuz, larrialdietarako baldintzak larrituz, guardia zerbitzuak kenduz eta egonaldiak murriztuz doaz: guzti honek zuzenean eragiten digu, adin handiak areagotu egiten baitu osasun arriskua.Pobreziaren marratik behera bizi da jubilatuen gehiengoa. Ezin duela inork 1.100 euro baino gutxiago jaso diote adituek. Oinezkook gara, xumeenok, krisia bizien pairatzen dugunok, horien artean pentsiodun eta jubilatuak. Zerbait egin beharra dugu. Inork ez dizkigu babak eltzetik aterako. Guk geuk egin behar diogu aurre. Ezin dugu onartu porrotik. Onartuz, are gehiago hondoratuko gaituzte. Salatzen ez badugu, errukirik gabe gehituko dituzte murrizketak. Zer egin?. Asko gara. Alboratu egin behar dugu gure erosotasuna, defenda ditzagun gure duintasuna eta lanarekin irabazi genituen gure pentsioak. Gure ahotsa entzunarazi, bizipen eta iritziak trukatu, lagunekin, albokoarekin hitz egin, egoera salatu, gure haserrea kalera atera. Bat egin dezagun, jubilatu eta pentsiodunok geure artean, eta guztiekin solidario, beste sektore zapaldu guztiekin.