Duela 4 urte, elikagai ekologikoak jateko eta produzitzeko modu naturalak zabaldu asmoz, hainbat sakandar elkartu eta Lugorri elkartea sortu genuen. Gero eta gehiago gara. Gure helburu nagusienetako bat bertako produktu natural-ekologikoez gozatzea da. Hala, Sakanako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa sustatu eta gure ahalmenen arabera ibilbide hori egin nahi duten laborariak lagundu nahi ditugu. Olaztin Portland-FCC-k milaka tona zabor erretzeko agertu duen asmoaren aurrean:- Ikerketa ugarik frogatu bezala, zaborra erraustea osasunarendako kaltegarria da.- Errausketak sortzen dituen isuriak (dioxinak, furanoak, metal astunak...) oso arriskutsuak dira jan eta edarien katean sartu eta pilatzen baitira. Pilatze hau bereziki nabarmena da gantza duten elikagaietan, esaterako, esnekietan, gazta eta haragietan.- Europar Batasunean 2020. urterako, birziklagarri izan daitezkeen hondakin guztiak berrerabili eta birziklatu beharko dira, erraustea erabat baztertuz. Europatik heldu den erronka honi erantzunez, Sakanan hondakinak kudeatzeko beste eredu bat lantzen ari gara.Zaborra errausten den eskualde batean, produktu osasuntsu eta ekologikoak ekoiztu edo produzitu eta kontsumitzea baldintzatua dago zaborra erretzeak sortzen dituen arazoengatik. Bateraezinak dira, beraz, Lugorrikideok helburu dugun Sakana natural-ekologikoa eta zaborra erraustea. Gure aukera Sakana osasuntsuaren aldekoa da; horregatik martxoaren 16an Altsasun eginen den manifestazioarekin bat egitera animatzen zaituztegu.