Zein da gaur egun euskaldunok euskararekiko duzuen jarrera? galdetu zidan euskararen inguruko erreportaje bat egitera etorri zen galiziar kazetari batek. Erantzuna pentsatzen ari nintzela, hara nola izeba-osabek 70. hamarkadan Bahametako Irletara egindako bidaiatik bueltan kontatutakoa etorri zitzaidan burura:Bertako biztanle beltzen ezaugarriek liluraturik uzteaz gain, zera kontatzen zuten: espaloitik ttipi-ttapa ibiltzen zirenean, eta oraindik inor paretik zetorrela konturatu baino lehen, beltzak espaloitik jaisten zirela eurei bidea irekitzeko asmoz.Hasiera batean izeba-osabek gizalege, errespetu, ikurtzat hartu zuten. Baina gertatzen zena behatuz, konturatu ziren espaloitik soilik beltzak jaisten zirela, eta zurien aurrean soilik. Beltzek beste beltzen aurrean ez zuten horrela jokatzen. Zuriek beltzak baino gehiago zirela sinesten zuten, errespetu berezia merezi zutela.Hona hemen neure buruari egindako galderak: gurean, erdaldunen aurrean, euskaldunak espaloitik jaisten al gara? Ez al da horrelako zerbait gertatzen?Dendara sartzean zein hizkuntzatan egiten dut nire lehenengo hitza? Espaloitik jaisten naiz?Ezezagunei zuzentzean, zein hizkuntzatan egiten dut nire lehenengo hitza? Espaloitik jaisten naiz?Ezezagun batek nire galderari "e?" erantzuten badio, zein hizkuntzatan jarraitzen dut? Espaloitik jaisten naiz?Euskaraz egin ondoren gaztelaniaz erantzuten didatenean, zein da nire jarrera? Espaloitik jaisten naiz?Erdarek euskarak baino errespetu handiagoa merezi dute?EZ ZAITEZ ESPALOITIK JAITSI!!!EUSKARAZ BIZI!