Aitor Karasatorrek eta, beraz, Bilduk Sakanako Mankomunitateko lehendakaritza eskuratu zuenean iragarri zuen zeintzuk izanen ziren legegintzaldi honetarako lehentasunak: euskara, gizarte zerbitzuak eta garapena. Euskalgintzatik pozez hartu genuen berria ulertzen baitugu alor bat lehentasunezkoa izendatzen baldin bazuten, behar dituen baliabideez hornituko zutela. Usteak erdi ustel, ordea.Azkenaldian toki-entitate gehienetan murrizketak egiten ari dira, eta Sakanako Mankomunitateak ere iragarri du eginen dituela. Nolanahi ere, ez die zerbitzu guztiei eraginen murrizketak, bi zerbitzu izanen baitira kaltetu bakarrak: Kirol Zerbitzua eta Euskara Zerbitzua.Euskara Zerbitzuan 15.000 euro inguruko murrizketa iragarri da. Hainbat jarduera kendu eta murriztuko dira, eta, alde horretatik, Sakanako Euskara Zerbitzuak azken urteetan izan duen plangintzarik eskasena izanen da aurtengoa. Haatik, murrizketarik nabarienak diru-laguntzetan eginen dituzte —aurreko legegintzaldietan egin ez dena: diru-laguntzak murriztea, alegia—, eta hor Sakanan euskararen normalizaziorako funtsezkoak diren bi erakunde izanen dira kaltetuenak: AEK-ko Itsasi euskaltegia eta Guaixe eta Beleixe hedabideak kudeatzen dituen Bierrik fundazioa.Uste dugu euskalgintza funtsezkoa dela hizkuntzaren normalizazio prozesuan, eta horiek babesteko erakunde publikoen erabaki ausartak behar ditugula. Jabetzen gara ez dela ona Sakanako egoera ekonomikoa eta seguruena Sakanako Mankomunitateko aurrekontuak egitea ez dela lanbide erraza izanen. Hala ere, justifikaziorik ez du zerbaitek lehentasuna duela iragarri eta gero bazterrean uzteak. Pentsatu nahi dugu mankomunitateko agintariek atzera eginen dutela. Garaiz gabiltza.