Zaborrak

Xabier Reparaz Extramiana 2013ko api. 12a, 00:00

Azken aldian hizketa-gai dugu zaborra barra-barra. Hitz berriez apaindua, arazo zahar bat dugu sortzen ditugun hondakinena. Garai batean, organiko famatua txerri jana bihurtzen zen segituan eta bestelako hondakinak naturak desegiten zituen. Oraindik ere ikus ditzakegu zeramikazko zatitxoak gure soroetan, garai bateko zaborraren oroigarri.Beranduago, plastikoaren aroan sartu ginen. Itsasoan zein lurrean, ia desegingaitza den petrolioaren seme hau, hondakinen gestioa oztopatzen hasi zen. Gogoan dut, herriko zaborrak eguna eta ordua zuen garaia, traktore zahar baten gurdian desagertzen ziren poltsa haiek mendien magalean. Han jarraitzen dute lurpean gorderik, gure bistatik ezkutuan, baina bertan desegiten.Azken urteetan birziklatzen hasi ginen, kosta zitzaigun edukiontzietara ohitzea, baina azkenik gutako askok birziklatzen ikasi genuen. Hala ere, sortzen genituen hondakinek gora egiten zuten etengabe. Arbizuko zabortegia toperaino bete eta itxi beharra izan zen. Beste zabor poltsa erraldoi bat hantxe usteltzen.Orain gure hondakinak Tuterara doaz, kilometro luzetako bidean, Erriberan lurpera ditzaten. Zentzu gabeko bidaia eta gastu hau ekiditeko ideiak sortu dira, natura zaindu eta arazo zahar honi irtenbide bat emateko. Pentsa dezagun etorkizunean aurkituko ditugula moduak zaborrak minimora eramateko. Bitartean saia gaitezen ideia berriekin, saiatzen ez denak ez baitu inoiz ezer lortuko.