Urte mordoa joan da Constantino Salinas altsasuar sozialistak 1932ko estatutu euskonafarraren gaineko proiektuaren karietara perpausa bota zuenetik: " Nafarroak gainerako hiru probintziekin bat egin behar du jauntxokeriaren atzaparretatik aterako bada". Esan gabe doa Constantino espainar errepublikano abertzale sutsua izan zela, Espainiako banderaz idatzi liburuttoa irakurtzea besterik ez da. Bada, larogei urte igaro ondoren altsasuarraren mintzo hau gure buruen gainean hegan dabil berriz bele tematien antzera inoiz baino salatzaileago, sekula baino lotsaz mikatzago.Constantinok arrazionalisten zorroztasunaz aztertu zuen bere garaiko egoera tamalgarria, baita azti inspiratuen intuizioaz geroko belaunaldien ibilia. Arazoaren muina isolatu eta seinalatu zuen: jauntxokeria. Nafarroa Garaiko azken hamarkadetako politikagintzak ederki asko erakutsi du zeinen bete-betean asmatu zuen, eta EAEko balizko erasoen aitzakiaz majo baliatu da eskuina bere aginte absolutista areagotzeko.Nekez imajinatuko zuen ,ordea, Constantinok nafar sozialisten zeregina salda lodi eta likatsu honetan. 1981an pitteka ekinbide euskalfoboari lotu eta jauntxo berrien klub esklusibora sartzen saiatu da aurreko nafar sozialista, komunista et errepublikanoen xedeari uko eginez apur ustel batzuen truke. Nafarroako gobernua erdietsi zuten bai, baita alderdiaren historia orbanez bete.Hastapenean Arbeloa, Urralburu, Boulandier, Felones eta Asiain, gero Lizarbe, Chivite edota Iturbe. Jiménez gaur egun.Jauntxokeria eta ustelkeria ditugu nagusi 2013an. PSNk bidegurutze honetan erronka latza du. Constantinoren profeziaren oihartzunak iritsiko zaizkie?