Bai, gezur borobila: pentsio sistema publikoa sostenga-ezina dela gezurra da, aspalditik datorren mamua da. Chilen eta Argentinan, diktadura garaian, sortu ziren sistema honen aurkako lehendabiziko erasoak, hau da, 1970eko hamarkadan. Estatu bi hauetan hasi ziren pentsio publikoak estatuaren ekonomiarentzat arriskutsuak zirela aitortzen eta zabaltzen. Era berean pentsio pribatuen aldeko kanpaina indartsuak erabili zituzten, pentsio hauen beharra eta abantailak azpimarratu eta langileria konbentzitzeko.1994an Banku Mundialak egindako ikerketa baten arabera, etorkizun beltza eta katastrofikoa aurreikusten diote pentsio sistema publikoari. Argumentu demografikoa erabiltzen dute: etorkizunean jubilatu kopurua igo egingo da eta kotizatzaileena jaitsi, jasanezinezko egoera etorriko da, pentsio pribatuak sustatu behar dira. Hau argumentua ez, aitzakia da, Banku eta Finantza erakundeak erruz dirua pilatzeko aitzakia.Gaur egun, pairatzen ari garen krisia dela eta pentsio sistema publikoa mantentzea ezinezkoa dela esan eta esan ari dira eta hedabide gehienen parte hartzearekin, konbentziarazi nahi gaituzte, horrela dela, ez duela irtenbiderik. Eta bitartean Bankuak eta Inbertsionistak jo eta ke pentsio pribatuak sustatzen. Hori bai gauza bitxia! Egoera berdinean sistema publikoa sostengaezina eta pribatua bai. Gaztelaniaz esaten dena esango dugu:"hay gato encerrado". Garbi esan behar dugu maltzurkeriaz eta gezurretan ari direla.Eraso basati honi aurre egin behar zaio, ahalik eta erantzun sendo eta trinkoena eman behar diogu. Jokoan dagoena oso garrantzitsua da guretako, zein belaunaldi gazteen etorkizunerako. Baditugu pentsalari ospetsuak, ekonomia arloan jakintsuak ,ikuspegi neoliberal honekin bat ez daudenak. Informa gaitezen,lortu dezagun ikuspegi kritiko bat, elkartu gaitezen, meta ditzagun indarrak aurre egiteko. Egiarekin egin diezaiogun eraso gezurrari. Gure eskubideak eta gure seme alaben etorkizuna defenda dezagun.Gai hauetan murgiltzeko aukera bikaina duzu: datorren asteartean, apirilak 30, Henrike Galartza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleak hitzaldi bat emango du Etxarri Aranazko kultur aretoan, goizeko 11etan. Espero zaitugu, jubilatua izan ala ez izan.