Izar bat sortu da Sakanan, gaztea eta jatorra. Gorputz lirainekoa eta garaia. Aldartez alaia. Zartako bortitza ematen dio pilotari eta erraz bidaltzen du errebotera. Bi beso luze eta bikain ditu, jotzeko botera, sotamanoz eta airera. Baina ez dira horiek bere dohai bakarrak. Hanka arinak ditu eta gerri malgua. Buruz argia da eta tenplekoa, oinak lurrean sendo bermatzen dituena. Kirolaria denez, lehiakorra. Baina, pilotalekuan langilea eta kideekin laguna. Irabazlea izan arren, burura igotzen ez zaiona. Arrakastatsua ofizioan eta zaletasunetan, baina izakeran apala, herri inguruko bide eta mendietan ibiltzen dena gustura. Baita gustukoa du herriko pakea ere, eta isiltasuna. Badaki pribilegiatua dela, hala ere, xumea da ametsetan, herrikoia, eta larreetan, osaba eta aitonekin behiak zaintzen bere burua ikusten duena. Segi horrela, gizona!Igandean duzu zeure bizitzako erronka, eskuz binakako txapelketaren finala. Zabaleta, izanen duzu zaleen berotasuna eta kidearen laguntza; baita familiakoek, lagunek eta telebistatik ikusiko zaitugun zaleok ere emanen dizugu kemena. Zuk astindu pilotari gogor, dakizun bezala. Dagoeneko, bakarrik finala jokatzearekin ekarri duzu albiste ona, poza eta gozamena. Eta, ahal baldin baduzu, orain, ekarzazu txapela.aingerumi@gmail.com