Uzta jasotzeko hilean sartu gara jada. Aitzina egiten zen moduan, gari bikorrak ahotzetik bereiztu eta udazkenetik egindako lanaren emaitza jasotzeko garaia da. Gure herrian aurten ez da ia zekalerik jaso, baina uzta oparoa izan dugula esan dezakegu arro. Ekainaren 22an arbizuarrok gure herriaz eta herrikideez arroago sentitu ginen, hilabetetako lanak ekarritako uzta aberatsak zirraraz indartu zizkigularik gure gogoak. Herri baten elkarlanak dakarrena, ikuskizun edo ekintza xume eta ederren gainetik dago. Garai bateko elkartasuna gogoratu nahi zuen herri ekimen hark, azkenik gaurko elkartasuna eta parte-hartzea sustatu du.Ereindako haziaren antzera, izan ginena ulertu genuen lehenik, hura transmititu eta txertatu genuen herritarren borondatean. Handik sortu ziren indar eta ideiak. Ongarritutako lur hartan, guztion ekarpenez ureztatutako landare bikaina sortu zen. Hura bideratu eta zuzenduz, lore ederrak emateko aukera eman zigun. Lore haiek ororen arreta erakarri zuten gure ekimenera, eta handik sortu ziren fruitu gozoak jasotzean harritu genuen elkar. Izan ere, ikusleak bezain hunkituta ikusi genuen gure burua arbizuarrok.Joan zen urtean Etxarrin, aurten Arbizun eta datorrenean besteren batek hartu ahalko du testigua. Jakinaren gainean jarriko ditugu badaezpada ere, honen guztiaren benetako indarra, auzolanean sortutako ekimenek herritartasuna sendotzeko eta duten ahalmena dela. Herria eginez, gure nortasuna eta konfiantza indartzen baitugu bidean.