Nahi baino gehiagotan amorratzen naiz ikusirik kultur inperialismoak nolako bidea egiten duen gure egunerokoan, zergatik nagusitu diren nonahi inperioen izenak eta Everest bezalako toponimoek Txomolungma bezalakoak baztertu dituzten. Gizakien izenekin orobat gertatu da eta munduko hainbat naziotako biztanleei menperatzaileen izen-deiturak ezarri dizkiete. Maiz oroitzen naiz Cassius Clay boxeolari matxinoarekin, hura ere ez zen nire ustez oso fin ibili eta bere arbasoen kulturaren izendapena edo aukeratzeko beste menpertatzaile batzuena hartu zuen :Mohammed Ali.Zazpi urte urte zituela, eskolako lehen egunean Nelson izena eman zioten Rolihlahla Dalibungo zenari eta hala dirau egun ere. Hegoafrikan halako izendatze sistema bikoitza dute beltzei dagokienean, izen bat etniakideen artean baliatzeko, eta beste bat europarra kontu ofizialetarako.Izenak izen Mandelaren ospe eta itzalak etniak, kontinenteak eta mendeak zeharkatu ditu. Garai eta kokagune latz bezain zoragarriak suertatu zitzaizkion Rolihlahla gazteari. Haren leinuan sistema tribala itogarria zitzaion, haren herrialdean bostetik lau azalarengatik baztertuak ziren, haren gazte garaian mundu gerra suntsigarria eta ondoren isilpeko gerra hotz bat.Gandhiren bakezko borrokabideari lotu zen lehenik, burdinen jardunbideari gero Umkhonto we Sizwe-n , espetxearen aro luzean appartheidaren puskatzaile eta herri gidaritzan , eta lehen zahartzaroan Hegoafrikan estatuburu.Lantegia ez zuen inoiz samurra izan baina leinu beltzak batzen, afrikanerrekin harremanak ehuntzen, berdintasunezko herrialde berri bat altxatzen dena eman zuen. Duintasun eta askatasunaren bide urratzaile paregabea eman ziguten Hegoafrikak eta XX. mendeak: Rolihlahla Mandela.