2.002. urteko Aste Santuan joan ginen Gorka eta biok AEBetako New York aldera, Kanadako Montrealetik Greynhound-eko autobus horietan, gau elurtsu batean, mendebaldeko kosta goitik behera zeharkatuz. Gogora datorkit hiri zoragarri honetan murgiltzerakoan, nolako giza, kultura eta diru aberastasuna zegoen, baina baita zelako pobrezia, miseria eta zoritxarra ere. Hauek argi eta garbi azaltzen ziren pausoz pauso, begirada askoren atzetik. Bertako kaleetan eskaleak kontaezinak ziren, eta hiriko toki guztietan zebiltzan zerbait eskatuz. Ez dakit zergatik, baina bidaiatzen dudan bakoitzean hauetan jartzen dut arreta, herri bakoitzaren aurrez aurreko bizi kalitatezko indikadore bat baita neretzako. Duela aste bat AEBetako Detroit hiria, automozio industriari esker - Chrysler, General Motors Company, Ford...- XX. mendeko azken bost hamarkadetan munduko industria hiririk indartsu eta garrantzitsuenetarikoa bilakatutakoa, bankarrotan deklaratu zen. Garai horietako bi miloi pertsona izatetik gaurko zazpiehun mila biztanle izatera pasa da. Arrazoi gordinena, lana falta, eta besteak beste, Sam Osabaren herrian betikoak diren delinkuentzia, arrazakeria eta, nola ez, zerbitzu publikoen gabezia. Diru kutxa "sosik gabe" geratu dela aitortu zuen hiriko alkateak, bere ekonomia enzefalograma laua bihurtuz, zorra 20.000 mila milioikoarekin eta hiriko biztanleriaren %36 benetako txiro bilakatuz. Guri bost, AEBak urrunegi daude geure Sakana maitetik.Gaur irakurri dut Estatuko Gizarte Segurantzak 9.568 pertsona gehiago galdu dituela ekainean, LOMCE-a onartu egin dela, udalen zorrak gero eta altuagoak... Goizero, etxetik lanera dudan bidean, gero eta jende gehiago ikusten dut Iruñeko hiri barneko espaloietan dirua edo jakiak eskatuz. Ez gaude hain urrun AEBetatik, edo bestela itxoin, nola berehalaxe hurbiltzen garen.Kexak, iritziak, iradokizunak: dudugalan@hotmail.com