Udarako azken hondarrak ditugula egunok, gogo-gorputzek nagiak astintzen dituzte haize heze eta zakarren espero epelean. Jaundone Mikel in excelsis sarri, baina udako azken asteetako eta larrazkeneko lehen egunetako ibili goxoarekin batera eguzkiaren beheratze geldi bezain beharrezkoa eta etxe sutondorako deia somatzen dugu. Epaitza eta egurlanak eginik, txondarrak egosirik eta ardiak beheko larreetan harrapa gintzake negu luzeak (urritik apirilera artekoak), aitzitik Sakanako hainbat etxetan, gero eta gehiagotan apika, ez dute arrazoi franko bost ipuin eder kontatzeko arrats luzeetan. Izan ere, gurean krisia laketu da luzaroko asmoz.Ustelkeriaren kopla amaigabeak sorta berriak ekarriko dizkigu menturaz.Politikari eta kazetari ugari jardungo dira grinatsu besteen libratu gabeko heste zornatsuak seinalatzen eta mota guztietako aitzakia ponpoxoak asmatzen, ustelkeria hain baita sistemiko, sistematiko eta ohiturazko non ardurak, erruak eta delituak arintzen eta apaltzen diren neurrigabeki. Barcina andreak lotsarik nimiñoena baleuka etxerako eta unibertsitaterako bidea hartu beharko luke, baina D.N, UGT/CEIN/CCOO/UAGN eta Madrilgo botere handiaren babesaz lotsaren monumentu kirastua osatzen jarrakitzea hobetsi du.Bestalde, Fukushimari taigabe ur irakin pozoitsua dario, Sirian sionismoaren eta petrolio interesen xake partida amaiezinean auzia gori-gori, Katalunian castellet-eko gailurra osatzen ezinbestean eta Bilbon monarkikoak eta espainiar konstituzionalistak Azkunaren egarri biziz.Hostozko eta bizipenezko tunel bat daukagu aurrean. Haizea aldeko gerta bekigu!!!!