Aurkezpena

Abian plataforma 2013ko ira. 13a, 00:00

Kaixo lagunok, hau da gure lehenengo gutuna  Guaixeren gonbitea onartu eta gero eta aurkezpen txiki bat egiteko aprobetxatu nahi dugu. Espazio hau egoera sozioekonomikoaren hausnarketa apala egiteko erabili nahi dugu. Baina ez larritu, gure helburua egunerokotasunean ditugun arazoen berri ematea da, hau da, zertan aldatu den gure egoera orain dela 5 urte krisiaz hitz egiten hasi ginenetik.  Nahi baino gauza gehiago aldatu dira urte hauetan eta gure ustez guzti honek gogoeta bat behar du.Sakana bailara ederra da eta bere biztanleek etorkizun itxaropentsua merezi dute. Baina etorkizuna guztion artean erabaki beharreko zerbait da. Erreformak, murrizketak, desindustrializazio basatiak, gure bizimoduan eta gure harremanetan aldaketak eragin dituela argi dago. Elkartasuna indartu egin da gizartearen esparru zabaletan baina jarrera berekoiak ere areagotu egin dira egoera okerraren babespean. Nolabaiteko inboluzio ideologiko bat ematen ari dela uste dugu. Elkartasuna eta klase borroka alde batera utziz, gizartearen sektore bat bere etorkizun pertsonala beste edozein ideia edo baloreen gainetik jarri ditu. Askok egoeraren biktimak direla uste dute eta guk ere argi daukagu bizi izan ditugun gertaerek etsipena hedatzeko aukera eman dutela. Baina tira, lehen zentzua zuten baloreek ez dute gaurkotasunik galdu. Gure borroka gaur egun balore hauen defentsa izango da, ez dugu onartuko langileak esklabo bihurtzea. Hori baita, azken finean, boteredunen helburua.Ez dugu gutun hau bukatu nahi Inasako langile ohiak agurtu gabe eta egun borrokan jarraitzen duten Lazaro Echeverriako langileei gure elkartasuna adierazi gabe. Beti dago borrokatzeko aukera. Animo zuek.