Nerabezaroa

Prebentzio Programak 2013ko ira. 13a, 00:00

Droga-menpekotasun Prebentzio Programatik gure seme-alabengan familiak betetzen duen paper garrantzitsua azpimarratzen saiatu gara gure lanean. Gure seme-alaben heziketa hauek jaio baino lehen hasten da eta bizi guztian zehar presente dago, uneoro baikaude garatzen. Gaurkoan nerabezaroaren etapaz hitz egingo dugu, orokorrean etapa korapilatsua bezala bizitzen diren urteez, hain zuzen. Seme-alabendako familia, babes faktore izatetik, arrisku faktore izatera pasa daiteke, eta alderantziz ere. Hori dela eta ezinbestekoa da kontutan izatea familiaren funtzionamenduak gure seme-alabetan izan dezakeen eragina bai onera eta bai okerrera ere. Gure seme-alabei hauen heziketan geroz eta baliabide gehiago eskaintzen badizkiegu (errefortzu positiboa, beren adinera egokitutako ardurak eman, motibazioa landu, beren izateko eraren onarpena...) etorkizun batean egoera desberdinetatik (drogen lehen kontsumoak, erabakiak hartzea...) erraztasun handiagorekin aterako dira.Nerabezaroan gai desberdinak hasi daitezke loratzen: lehen droga kontsumoak, aldaketa fisikoak, lagunen garrantzia beren bizitzan, lehen ateraldiak, identitatea jorratzeko autoritatea zalantzan jartzea... eta guzti hauek pairatzeko ezinbestekoa da etxean komunikazio on bat egotea gure seme-alaba eta gure artean. Komunikazio hau ez da egun bateko gauza, bizitza guztian zehar landu behar den gaia baizik.   Jakinda nerabezaroa aldaketa etapa bat dela, guraso bezala, kontutan izan ditzakegun irizpide batzuk luzatzen dizkizuegu:Beren aldaketak ulertzen saiatu behar gara, fisikoak nahiz psikologikoak, dauden etapan ulertu eta diren bezala onartu (beren potentzial eta ahuleziekin).Beren erreakzioak errespetatu behar ditugu, beti ere beste pertsonen kontra ez doazenean, adin hauetan umore aldaketak gehiagotan ematen baitira.Beraiekin "hor gaudela" transmititzea, egoera atseginetan eta zailetan ere.Beren motibazioa sustatzea garrantzitsua da beren inguruarekiko interesa eta ardura izateko.Beren intimitatea errespetatzea beharrezkoa da. Egiten dituzten gauzez interesa azaltzea oso gomendagarria da, beti ere bakoitzaren intimitatea kontutan hartuz, era honetan ez baitira urrunduko.Gizartean, orokorrean, nerabezaroa etapa zail eta nahasia bezala bizitzen da eta  etapa honek ekartzen dituen hainbat onura ezin ditugu ahaztu: sormena dute, kritikoak dira, autonomoak, laguntasuna baloratzen dute... eta bide bat dute egiteko. Hauek oso presente izatea ezinbestekoa da gure artean harreman osasungarriagoak garatzeko.