Londoneko hiltzaile Jack ospetsuaren modura, altzairuzko aiztoa sartu diote erraietan sakon eta hotz, babesak urratuz, zauriak eraginez, eta, hondarrerako, odolustuz. Hala ere, ez da krimen honengatik ikerketarik eginen, ez da hiltzailerik harrapatuko, ez du inork heriotz zigorrik jasoko, baina, Inasa, hilik dago, eta ondorio latzenak, langileek eta beren familiek pairatuko dituzte.Jabe zen enpresak, Baikap-ek, hogeita hamar milioiko galera izan omen zuen azkeneko hamar urteotan. Baina, fabrikaren azken hatsa makinaria atera zutenekoa izan zen, 3,1 milioi eurotan saldu eta gero. Hala ere, badirudi zenbaki orokorrak ikusita, tamaina horretako enpresa izateko, aktibo eta pasiboen balioak parekatuta zituela.Duela egun batzuk lainformacion.com aldizkari digitalean irakurrita, Yolanda Barcinak protokolo bana sinatu zuen Funesko eta Noaingo enpresa birekin, zeinetan 49 milioiko inbertsioa eginen zen 24 lanpostu sortzeko, biak ere nekazal-elikaduran estrategikoak izanen direnak. Bi milioi euroko inbertsioa lanpostu bakoitzeko, eta maiz ikusi izan ditut tankera horretako inbertsioak lanpostuak sortzeko. Inasan, aldiz, 165 lanpostu suntsitu dira. Benetan latza! Ez zen jarduera estrategikoa? Zigorra merezi zuten langileek? Arduragabeak ziren jabeak? Arinkeriaz jokatu zuen Diputazioak?Ikasi du zerbait norbaitek? Bien bitartean, arrisku handiko kapitalaren jabeek berdin segituko dute luxuzko saloietan balore-burtsan jolasten, kapitalaren bingoan.aingerumi@gmail.com