Udako oporrak bukatu eta berriro mundua martxan jartzen denaren sentsazioa izaten dut iraila hasieran. Telefono deiak, ikastetxeak, kontsultak... Udan deskantsoan edo geldirik egon diren gaiak, zailtasunak, gatazkak, orain lehenbailehen irtenbidea bila ate-joka datoz. Gaurkoan, azkeneko aste honetan, batzuen ahoetan eta niri zuzenean egokitu zaidan gai batetaz idatziko dut.Badirudi Espainiako Gobernuak adin txikikoekin baimendutako sexu harremanen adina 13 urtetatik 16 urtera arte igoko duela. Gaiak, alderdi kontserbadore eta progresisten artean idei kontrajarriak sortzen ditu, eta askotan zaila izaten da, norbere iritzia kontutan hartu gabe irizpide objektibo bat eskaintzea. Hala ere, eta nire eguneroko lanean eragina duen gai bat izanik eta sexologia sustantiboa oinarri hartuta idei batzuk konpartitzea gustatuko litzaidake.- Adina igotzearen aldekoek haurraren babesari heltzen diote, eta honengatik eta haur eta nerabearen onurarako adina igotzea ezinbestekoa omen da. Nik ere argi daukat, haur eta nerabeen babesa bermatu behar dela, eta hori ezinbestekoa dela iruditzen zait. Baina agian babesteko erabili nahi duten lege neurri hau ez zait hain egokia iruditzen. Babestea, inolaz ere ez lukeelako izan behar, ukatzea, eta haur eta nerabeen sexualitatea estaltzea. Hau da, haurrak eta nerabeak sexualitatea dute, gorputza dute, plazera sentitzen dute, eta hori argi azaldu behar da, eta noski baliabideak jarri behar dira, bakoitzak bere gorputza nolakoa den ezagutzeko, gorputza entzuten ikasteko, eta gorputza maitatzen ikasteko. Hau lortzeko ezinbestekoa dira, hezkuntza, maila teorikoan baina baita ere hezkuntza emozionala. Esaten dugun informazioa eta formazioa.- Legearen inguruan ere beste zalantza badaukat- harreman sexualak esaten dugunean zertaz ari gara? Muxuak, laztanak, begiradak... Harreman sexual moduan hartuko dira edo harreman sexual genitalak soilik hartzen dira harreman sexual gisa?- 15 urtetako nerabe batek 19 urteko nerabe batekin harremanak dituenean, legeak esan behar dio bere bizipenak zer nolakoak diren, ze adierazten duten. Hau da, epaileek, gurasoek, helduak harreman sexualak dituen pertsonak baino gehiago dakite berak bizi dituen emozioetaz, bizipenetaz?Goian aipatu dudan moduan nik ere haur eta nerabeen babesaren aldekoa naiz, baina oso zorrotz eta fin jokatu behar dugu, sexualitatea, arriskuko aldagai batean bihurtu ez dadin; eta beldur naiz horrelako legeak, sexualitatearen inguruko formazioa eta heziketa landu gabe, ze nolako ondorioak ekarriko dituen.