Zorrak erreklamatzeko zordunen fitxategiak erabiltzen dituzten enpresak gero eta gehiago dira. Zorren datuak kudeatzea errentagarria da fitxategietako arduradunendako, zorretan dagoena ataka estuan paratzeko baliogarria delakoan dirua ordaintzen baitute enpresa haundiek. Hala ere, gure datuak modu horretan erabiltzen dituztenek, fitxategietako arduradunek nola zorra erreklamatzen duten enpresek ez dituzte beti arauak betetzen, egun indarrean dagoen Datu Pertsonalen Babeserako Legearen arabera behintzat.Datu pertsonalen erabilera okerrak jendea kaltetzen du, batez ere ez dagoen zorra batengatik gure datuak fitxategi batean sartzen badituzte. Jendearen irudi zintzoa nahiz izen ona zikintzen dute eta batzuetan kalte ekonomikoa ere eragiten dute, adibidez, fitxategiko argibide okerrak eraginda mailegu bat ukatu edo baldintza makurragoetan ematea.Legearen hutsuneak eta interpretazio maltzurrak eta guzti Españako Datuen Babeserako Agentziak zigor espedienteak zabaltzen ditu urtero, eta urtetik urtera kopuru hori haundiagoa da. Epaitegietan ere urtero karrikaratzen dira kaltetuen aldeko epaiak datuen erabilera okerrarengatik, eta Auzitegi Gorenak ebatsi zuen fitxero batean datu faltsuak sartzea ohorearen kontrako ekintza dela.Kontsumitzaileen Elkarteek salatu dute behin baino gehiagoetan Legea ez dela nahikoa eta gure eskubideen gainetik enpresen interesak babesten dituela. Hala ere, gure eskubideak ezagutzea komeni da, badaezpada ere. Fitxategi batean benetako zorren informazioa bertzerik ez da sartzen ahal, hau da, zalantzagabekoa izanik ordaindu gabe dagoena eta erreklamatzen ahal dena. Gainera, datuak fitxategi batean sartu baino lehen enpresak idatziz erreklamatu behar du zorra eta ordaindu ezean bide hori hartuko duela jakinarazi. Fitxategiko arduradunak ere zorraren datuak sartu direla erran behar digu idatziz sartu eta ondorengo 30 egunetan, ezabatzeko (egia ez bada) edo zuzentzeko (okerra bada) eskubideak gauzatzeko. Gehienez 6 urtez egoten ahal dira gure datuak bertan. Azkenik, zorra kitatuz gero edo okerra frogatuz gero datu horiek berehala ezabatu behar dituzte.