Guraso guztiek beraien umeak klasera gustura eta interesarekin joatea nahi izango lukete. Eta umeek etxean jasotzen eta ikusten dutenak eragina izan dezakeela pentsatzen dugulako luzatzen dugu orain testu hau:- Umeek beraiengan gure interesa nabaritu behar dute. Zer ikasten ari diren, gustatzen zaien hala ez, irakasleen arteko ezberdintasunak, ikasgai errazenak edo zailenak zeintzuk diren ... dira jakin beharko genituzkeen zenbait gauza. Umearen arabera galdera zuzenak egitea agian ez da erraza, baina hitz egiterakoan esaten duenari arreta jartzeak lagunduko gaitu.- Denok dakigu egunero klasera joan beharrak alde txarrak dituela, baina baita alde oso onak ere, eta horiek azpimarratu beharko genituzke. Ikastea, gauza berriak ezagutzea edota lagunekin egotea izan daiteke horietako batzuk. Bestalde, gure umeei galdetu diezaiekegu beraiek ikusten dituzten alde onak guk zeintzuk diren jakiteko.- Gure esperientzia kontatzea ona da. Denok izan dugu esperientzia ikasten, oraingo guraso guztiak egon gara noizbait ikastetxe batean. Zein zen gustuko genuen ikasgaia, zer eta nola ikasten zen lehen, zeintzuk ziren gure ikaskideak ... Gure umeek badakite ikasten genuela, baina ona da hortaz beraiekin hitz egitea, gure bizipena nolakoa izan zen kontatzea, eta beraiena ezberdina izanik ere, interesatzen zaigula erakustea. Oroitzapen onak eta txarrak izango ditugu, eta onak gehiago aipatzea interesgarria bada ere, ona da denak aipatzea.- Ikastetxeari buruzko interesa izan behar dugu, eta hau modu askotan egin daiteke: ikastetxean pasatzen duten denborari buruzko galderak eginez, bertan parte hartzen, behar duten materiala garaiz prestatzen, hau da, gure esku dagoen guztia eginez. Gerta liteke gauzaren batean ikastetxearekin erabat ados ez egotea. Halakotan hobe da zuzenean hitz egitea, umearen aurrean esatea baino.-Ikasten dutena etxean aplikatu behar da, eguneroko bizitzan. Horretarako zer ikasten ari diren galdetu behar diegu. Irakurtzen ikasten ari direnean egunero hainbatetan irakurtzen dugula ohartarazteak lagunduko digu. errezeta bat, botika baten prospektu bat, etxean jasotako propaganda edo abisuak ... Eguneroko bizitzan irakurtzen jakiteak laguntzen digula umeei erakustea irakurtzen ikasteko estimulu bat da. Beti izan behar dugu kontuan zerbaiti buruz hitz egiten dugunean, zerbaitetan arreta jartzen dugunean, garrantzia ematen diogula horri, lupa bat jartzen diogula gainean, eta gure eskutan dago zertan jarri nahi dugun garrantzia, zertaz hitz egiten dugun eta nola.