Oharra

Erabiltzailearen aurpegia Zoila Berastegi 2013ko urr. 4a, 00:00

Orain da momentua. Berriro ere oroimenak ihes egin aurretik, zuganantz iritsi nahi dut. Une batetik bestera basamortuan geratuko naiz, kaxa huts batean neure oihartzunak bakarrik entzungo ditudalarik. Inor ez dut entzungo ez ezagutuko, edo agian, nahaste borraste baten menpean mintzatuko naiz, txorakeria handienetik handiagora. Nork daki. Horregatik momentu hau aprobetxatu nahi dut, hurrengoa noiz helduko den ez dakidalako, ezta helduko denik ere.Ziurtasun bakarra daukat orainaren hari hauskor honetan balantzaka: nor naizen. Barre egingo duzu, ohikoa duzun irribarre gozo bezain xamur horrekin, baina ez dakizu zenbaterainokoa den nire gozamena oinak lurrean sentitzen ditudanean eta bai oinak, nola lurra neureak direla dakidanean.Ni naiz. Zu zara. Gu gara. Hori da nire adimenak argiztatu didan bidea. Nire oinetatik, zure laguntzaz, pausoz pauso, gure lurrera. Garai batean egiten genuen bezala, elkarrekin. Oroitzen duzu? Ahaztezinak dirudite ekaitza gainean izanik olatuek harkaitzetan egiten zuten talkaz liluratuak geratzen ginen arratsalde haiek.Hain argi ikus eta senti dezaket guztia momentu honetan... historia nire zainetan barna eta nire istorioa historiaren orrietan barna. Askatasun ametsak manifa eta gaupasetan. Errealitateak behartutako lurreratze bortitzak. Greba orokorrak eta elkartasuna. Ateak. Ideia zaharrak gauzatzeko erabaki berriak. Ate itxiak. Auzolana. Ate itxien kolpeak. Amodioa ama hizkuntzan. Ate itxien kolpe bortitza. Sarraila. Garraxiak. Mina. Banoa. Banaramate. Badoa nire memoria. Badoa ihesi. Ez dezala ihes egin. Heldu. Gorde nire memoria zure buruan, inork lapurtu ez dezan. Bihar ere jakin dezadan. Jakin dezagun.