Euskarak menpeko izaera politiko eta soziala du bere lurralde osoan eta horren adierazleetako bat Euskal Herriko paisaia linguistikoa dugu. Mendeetan zehar espainiar zein frantziar estatuek gurea asimilatu nahi izan dute eta, arlo askotan, lortu ere egin dute. Beraien hizkuntzak oso errotuak ditugu eta, egun, ez zaigu oso arrotza egiten espainola zein frantsesa edonon ikusi edota entzutea.Baina horiek al dira gure hizkuntzak? Horiek al dira Euskal Herriarentzat nahi ditugun hizkuntzak? Guk argi dugu erantzuna; ez dugu euskararik gabeko Euskal Herririk nahi eta horren alde borrokan jarraituko dugu.Borroka horren baitan, 2011ko azaroan paisaia linguistiko euskalduna aldarrikatzera atera eta EHEko bi kide identifikatuak izan ginen. Foruzainekin euskaraz aritu ginen, baina beraiek ez zuten hori oso gustukoa izan eta horren harira isunak iristen hasi ziren; 300 euro euskaraz egiteagatik eta 6000 seinaleak ezabatzeagatik. Lehenengoa, bertan behera geratu zen eta bigarrena, ordaintzeko gureak ikusi genituen.Seinaleengatik 6000 euro ordaintzeaz gain, iazko irailean epaiketara deituak izan ginen. Altsasun aspalditik ezabatuak zeuden seinale guztiak guri leporatu eta azkenean honako kondena ezarri ziguten: bi seinaleren garbiketa kostuak ordaintzea eta bi eguneko lokalizazio iraunkorra. Helegitea jarrita, duela gutxi jakin dugu behin betiko epaia; helegitea atzera bota dute eta, aipatutakoaz gain, epaiketaren kostu guztiak ordaindu beharko ditugu.Dena den, duela bi urte hasitako prozesu hau ez da bukatu. Euskarazko paisaia linguistikoa aldarrikatzeagatik 6000 euro ordaindu ditugu eta orain bigarren zigor bat jarri digute. "Delitu" beragatik bi zigor ordaindu ezin direnez, jadanik ordaindua duguna bueltatzeko beste epaiketa batera joko dugu.Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz bizitzen saiatzen gara eta horrek guztiak aipatutako ordaina dauka gaur egun. Hala ere, guk argi daukagu; euskarak bizi dituen erasoak eta zapalkuntza salatzen jarraituko dugu. Euskal Herri euskaldun eta burujabe batean sinesten dugu eta, hori eraikitzeko bidean, gure hautua egina daukagu; euskararen espaloian mantenduko gara.Euskaraz bizi nahiari zigorrik ez!EUSKARAZ BIZI!!!