Pasa den apirilean Xabier Reparazek gogoratzen zigun gure zaborren gestioa nola aldatu den azken urteetan. Esaten zigun ere, sortzen ditugun hondakinek gora egin dutela etengabe. Eustaten datuen arabera, 2011n europear bakoitzak 503 kilo zabor sortu zuen, estatuan 531koa izan zen urte horretako bataz bestekoa. Xabierrek esaten zuen bezala zabor horiek mendi magaletan lurperatuta desagertu izan dira gure bistatik. Baina "desagertze" miresgarri hori geroz eta zailagoa da. Izugarriak dira, adibidez, "7. kontinentea" izenez ezagutzen denaren irudiak: 1.400.000 kilometro koadroko zabor uhartea Ozeano Barearen erdian. Handiena da, baina ez bakarra. Hondakin horiek guztiek ingurugiroan duten eragina denok sufrituko dugu.Sakanan badakigu orain zaborrek arazoak planteatzen dituztela. Ez dira horren erraz desagertzen. Gutxienez ondo begiratu behar dugu zer, non eta noiz atera behar den, eramana izan dadin. Sistema berriak baditu bere alderdi ahulak, martxan jarri berriak diren gauza guztiekin gertatzen den bezala (agian konpostadorak herri erdian kokatzea ez da ideia hoberena izan). Baina gauza onak ere, eta horien artean arazoaren kontziente izatearena dago. Birziklatzea pausu handi bat da hondakinen gestioan, baina garestia da, eta beti dago zati txikia ez den errefusa.Hurrengo urratsa ahalik eta hondakin gutxien sortzearena izango litzateke. Eta hori bereziki erosketak egiterakoan kontuan hartu behar da. Geure poltsa dendara eramaten hasi gara, baina gehiago egin dezakegu. Askotan ikusten ditugu supermerkatuetan fruta edo tomateak plastikozko bandejatxoetan sartuta eta plastikoz bilduta. Edo gailetak binaka poltsa batean gordeta, gero kartoizko kaxan sartuta eta kartoia berriz plastikoan bilduta. Beharrezkoa da hori guztia? Kontsumitzaileek botere handia dugu merkatuan ados jarriz gero. Eta ez bagenu erosiko, adibidez, behin eta berriz plastikoz bilduta dagoen produkturik? Xabierrek esaten zuen etorkizunean zaborrak minimora eramateko moduak aurkituko ditugula. Eta itxoin beharrean guk geuk bultzatzen baditugu aldaketak gure portaerarekin? Gure etorkizuna babestu nahi badugu, mugitzen hasi beharko dugu, honetan eta beste arlo askotan.