Euskararen alde eta, euskaraz bizitzera bultzatzeko ahaleginak ez dira gaurkoak. Gizartean euskalgintzaren alorrean dihardugun taldeok maiz jarri ditugu abian eskola, lantegi, herri, auzo eta hiriak euskalduntzeko ekimenak. Euskaldunak gonbidatu, xaxatu, akuilatu nahi izaten dira euskara bihotzetik harremanetara eraman dezaten/dezagun. Oso maiz antolatzen dira honelakoak eta herritarrek "joan beharko dut", "banuen beste kontu bat, baina hau nola utzi?" edota antzekoak gogoan, erantzun egiten dute, beti.Arakil eta Irurtzunen , igandeko Herri Ibilaldiak erantzun bikaina izan zuen. Haur eta gurasoak, batetik, gazte eta helduak, bestetik, gogotsu ibili ginen, kamiseta berriak soinean, zuri, euskaldun horri, nahiz, jakin ez arren, ikas dezakeen herritar orori aldarrikapen eta gonbit argia luzatuta: Euskaraz bizi nahi dut. Ohartuta, euskaraz bizitzekotan, zu zeu ere, nire kamisetari begira zauden hori, behar zaitudala ezinbestean. Mintzakide nahi/behar zaitugula.Irurtzunen eta Arakilen euskaraz bizitzeko nahia asetzeak ez luke zaila izan behar euskaldun faltarik ez delako. Borondate kontua da, nahia gauzatzea, dezakegunok urrats bat aurrera egitea.Oharra: Itxipuruk antolatutako azken Ferian, liburuen postuan hainbat euskal hiztegi jarri omen zen salmentan. Eta den denak agortu. Denak saldu omen ziren, alerik utzi gabe. Erosleak, etorkinak. Datozkigunengan bada itxaropenik. Ahalegintzeko prest direnak, nahi dutenak, badira. "Euskaraz bizi nahi dut" adierazten ari zaizkigu. Euskaraz bizi gaitezen eskean, argi. Ez zaigu euskal solaskiderik faltako.