Zoritxarrez, Sakanan euskararen alde pauso txikiak ematen dira, eta ematen diren gutxi horiek kritikatuak izaten dira askotan. Azken astean horren adibide argiak ikusi ahal izan ditugu. Batetik, Altsasuko Udalak kontratazioetarako ezarritako hizkuntza irizpideak kritikatuak izan dira eta, bestetik, Sakanako Mankomunitateak Larunblai aisialdi programan parte hartzeko ezarritako bete beharrak. Altsasuko udalak langabezian dauden eta euskaraz ez dakiten biztanleak "diskriminatu" dituela esan da. Baina nor da hemen diskriminatzen ari dena? Ez du norberak bere burua diskriminatzen bertako hizkuntza ikasten ez duenean? Garai batean euskara ikasteko zailtasunak egon ziren arren, gaur egun aukerak egon badaude (Mankomunitatearen diru laguntzarekin gainera).Larunblai-ri dagokionez, Sakanako Mankomunitateak B ereduko ikasleak "diskriminatu" dituela kritikatu da. Baina ez dituzte gurasoek eurek diskriminatu B ereduan matrikulatzean? Argi dago B ereduak ez duela euskalduntzen! Aisialdian eredu horretako haurrekin harremanetan dauden haur euskaldunak gaztelerara pasatzera behartzen dituzte. Ondorioz, programaren helburuak ez dira betetzen.Euskaldunok gure herrian diskriminatuak izan gara eta, gaur egun ere, gure hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzen dute. Nor da hemen diskriminatua? Gu gara leku publikoetan euskaraz komunikatu ezin garenak. Gu gara euskara menperatzen ez dutenekin gure hizkuntza erabili ezin dugunak. Gu gara euskaraz bizi ezin dugunak!!!Igo gaitezen denok benetako euskararen espaloira!EUSKARAZ BIZI!!!