Basoaren barrenean hosto eroriak haizeak daramatza noraezean. Euri tantak bustitzen dituzte biluztutako zuhaitzen enborrak. Haize finak hotsa dario hoztasun hezean. Udazkenak baditu une ilun eta hotzak, baina ageri ditu sarri kolore biziak. Eguzkiaren fereka laino artetik dir-dir, erori gabeko hostoen koloreak pizten ditu. Su gar koloreek basoa betetzen dute, argiaren mirariak edertzen ditu txokoak. Orkatzen jauziek alaitzen dituzte pagadien orbel metak. Ageri dira udazkeneko loreak hosto tartean ezkutatu ezinik. Laburrak izpiak, laburrak irudiak, baina hura sentitzeko, beharko bizi hoztasun hezea. Eguzki izpien distiren premiak ematen digu haren edertasunaren berri. Gutxitan dugun haren edertasuna, izan ez dezakegunaren gogoa, hura da bizitzaren gauza txikiekin gozatzeko aukera ematen diguna.Astigar zaharren hosto horiek lurrean adierazten digute negua hurbil dela, mendi gailurrak prest direla elur malutek osatutako mantu zuriaz estaltzeko. Tximinietatik zintzilik, keak egur errearen usaina zabaltzen du herriko kaleetan, euriak lurra bustitzen duen bitartean. Haurren jolasak labur dira plaza eta parkeetan, eguzkiak ez baitie denbora gehiegirik eskaintzen azkenaldian. Etxearen babesean, barne bizitzaz betetzen dira txokoak. Barne gogoetarako denbora da, gureak gogoan izatekoak. Neguaren atarian, hotzari gogor eutsi eta lurraren ihartzea behatuz, etortzeko dagoen udaberrian piztuko denaren itxaropena konpartitzeko denbora.