Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatutako Larunblai programarekin lotuta, prentsan agertutako salaketen aurrean, zera azaldu nahi dugu:Larunblai eta Iseka, edozein erakundek antolatutako jarduera gehienak bezala (adibidez, informatikako diseinu programa baten ikastaro bat edo ingelesezko udaleku bat), hartzaile zehatz batzuei zuzenduta daude. Horrek ez du esan nahi gainerako herritarrak baztertzen direla, baizik eta hartzaileek jardueraren helburuak bete ahal izateko baldintzak bete behar dituztela.Kasu honetan, Larunblai eta Iseka haur eta gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin sortutako jarduerak dira. Haurren eta gazteen artean euskarazko harreman-sareak sortu eta indartu nahi dira, euskara haien komunikazio hizkuntza izan dadin.Haur eta gazte askok, bereziki Sakanako herri erdaldunenetan, euskara ikastetxearekin lotzen dute, eta hortik kanpo gutxi hitz egiten dute euskaraz. Hori ikusirik, Sakanako Mankomunitateak Topaguneak sortutako 3blai programa jarri zuen martxan. Haren barruan daude Larunblai (LH-ko 3.-6. mailakoendako) eta Iseka (bigarren hezkuntzako ikasleendako). Jarduera horien helburu nagusia da aisialdiaren bidez haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragitea (eta ez euskararen ezagutzan). Helburu hori bete ahal izateko, ezinbestekoa da egitasmoan parte hartzen duten ikasleek euskara maila ona izatea. Gutxieneko hizkuntza gaitasun hori ez badute, gaztelaniara pasako dira, taldekideek euskaraz hitz egitea oztopatuz eta jardueraren helburua eragotziz. Beharrezko euskara maila hori D ereduak bermatzen du (euskarazko murgiltze eredua). Hala ere, D eredutik kanpoko ikasleek euskara proba egiteko aukera izanen dute.Bestalde, garbi utzi behar dugu Larunblai eta Iseka ez direla aisialdiko jarduera arruntak (ludotekak antolatzea ez dagokio Euskara Zerbitzuari). Aisialdia lagunarteko hizkeraren inguru naturala da, eta horregatik, ikastetxetik kanpo euskararen erabilera sustatzeko esparru egokia da.