Olentzero kantuaren hitzek eta gurutze santuaren gorazarreko prozesioa programa ofizialetik atera izanak hauts printza batzuk harrotu dituzte Altsasun azkenaldian. Baita maiz plazaratzen den ikamika berritu: sinistegabeko bizkor horiek zer dela-ta ospatzen dituzue San Joan, San Pedro, Santa Agata etb, einn? Zergatik ez zarete etxean gelditzen? Zeren edo noren omenez horditzen zarete halako modu lotsagarrian? Kontua da gogoeta hau pizten ari dela Europako bazterretan eta mota guztietako ezagutzak hedatu ahala azala eta mamia bereizten ari gara. Mamia, muina: naturaren zikloak oroitzea, bizinahia goratzea, jendartea elkartzea... Azala, itxura: benetako edo balizko santu baten izenpean festa antolatzea.Nire iritziz Erkuden amarena paganismoaz ( eguzkia/ euria) beteriko irudia da, oso indartsua. Antzekorik esan genezake Aitziberkoaz, Santa Agataz edo Jaundone Petriko ( San Pedro) jaiaz. Bizi nahia edo naturaren indarra ospatzea da muina, santu edo amabirjina baten izena gehitzea azala litzateke. San Joan festari Ekhigain edo Lizarberri dei geniezaioke, Santa Agatakoari Ernatzedei edo Hazihats. Gizakiak betidanik izan du izpiritualtasuna lantzeko eta bizitzeko beharra, eta materialismoa puri-purian egonik ere izpiritualtasunak osagai berriak aurkituko ditu beti, kristautasun, islamismo, paganismo, budismotik nahiz ateismotik ere. Izan ere, geure barrura ( natura eta giza harremanak barne ) begiratzea eta funtsezko galderak eraikitzea bizigarria dugu ezinbestean. Erantzunak ( Dylan halaxe mintzo ) haizearen ibilian daude, ez dugu ba lantegi makala horietako batzuk aurkitzen!