Berriki, Ryanair hegaldi merkeko konpainiak zalaparta sortu du, 2014rako egutegian, azafatak, arropaz arin eta itxura limurgarrian azaltzeagatik, eta sexista izan daitekeelakoan, hainbat erakundek auzitara jo baitute.Biluztasunak berarekin darama xarma eta ezbaia, kultura eta erlijioa tarteko: naturismoa, estetikoa, erotikoa, aldarrikapena edo marketina. Eta ez da kontu berria: mendebaldeko kulturan, greziarrek eta erromatarrek harrotasunez azaltzen zuten gorputz lirain biluzia; moral katoliko tradizionalarentzat, berriz, paganismoa eta haragikeriarako irudia izan da. Errenazimenduko pizkundetik aurrera, batera joan izan dira biluziaren estetika eta zentsura. Ikonoa da Modigliani margolari italiarrari, pubisko biloa agertzeagatik, erakusketa itxi ziotenekoa, Parisen 1917an. Euskalerrian ere, sotana beltzak agindu zuen frankismoaren urte ilunetan; ondoren etorri zen ‘gidoiak hala eskatuta’ esaldia. Ile batzuk urdindu dira geroztik, eta biluztasunarenganako lilurak ez du etenik, hobeki saltzeko, edo asmo bat burutzeko Bilboko suhiltzaileek bezala, edo, zerbait aldarrikatzeko, haurrendako eskolarako garraioa eskatzen zuten Valentziako amek bezala.Bada, Sakanara ere heldu da Euskal Preso eta Iheslarientzat elkartasunezko biluztasuna, mendekuzko justiziaren gaitzespena. Modeloek paratu dute umorea eta freskotasuna, eta argazkilariek irudimena eta bikaintasuna. Kalean da Etxarriko Herrira erakundearen 2014rako egutegia. Biluzik gaude! Aurrera Herrira!aingerumi@gmail.com