Nazio Batuen Erakundearen esanetan, indarkeri hau giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketarik larrienetarikoa da. Ez da berdinen arteko gatazka, ez eta emakumeen arazoa, baizik eta jendartearena oro har.Indarkeria sexista honen jatorria gizarte sistema patriarkalean eta arlo guztietan gauzatzen den genero berdintasun eza eta diskriminazio estrukturalean dago. Emakumeok, emakume izate hutsagatik pairatzen dugun indarkeriaz ari gara. Kalte fisiko, sexual, psikologiko nahiz ekonomikoak ekartzen edo ekar diezagukeena, bai eta hauen mehatxuak eta derrigortzeak edo gure askatasunaren murrizketak ere.OMS-ek berriki aurkeztutako ikerketa batek dio "emakumeenganako indarkeria mundu mailako arazoa dela, epidemia gisako proportzioak dituena". Munduan 15 urtetik gorako emakumeen % 35ak pairatu du noizbait bere bikotekidearen indarkeri fisikoa edo bikotekidea ez den norbaitek eragindako sexu-erasoa. Hau da, 920 milioi emakumek.Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak dio aurten 42 emakume erailak izan direla Espainiar Estatuan indarkeria sexista dela medio. Emakumeen elkarteen arabera, 56. Iaz 52 izan ziren eta hauetatik 15ek 30 urte baino gutxiago zuten. Nafarroan, 2012an indarkeria matxista dela eta aurkeztutako 3 salaketatik 1 emakume gazte batena zen.Argi dago indarkaeria sexista ez dela iraganeko gaitza, ez eta bereziki matxistak diren gizon batzuen portaera ulergaitza, gainontzekoek gaitzesten dutena. Emakumeen aurkako indarkeriak hamaika aurpegi ditu, eta den-denak, gaur egun ere indarrean dirauen berdintasun-ezaren isla dira.Indarkeria sexista ezabatzeko, ezinbestekoa da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea. Guztion esku-hartze aktiboa eta indarkeriaren aurkako jarrera argia azaldu behar da. Horregatik, azaroaren 25aren inguruan antolatuko diren jarduera guztietan parte hartzera animatzen zaituztegu.