Asteburuan antolatutako Ardo Azoka “nekatuta baina pozik” utzi ditu Batutako kideak. Lan aukerak sortzeko elkartu ziren 15 sakandarrek asteburukoa “oso esperientzia positiboa” izan dela adierazi dute. Eta bisitariek izandako jarrera nabarmendu dute: “galdera asko egin dizkigute. Gainera, eginez ikasi metodologiarekin jende asko identifikatuta sentitzen da, aurretik haiek ere hala aritu direlako”. Aldi berean, bisitarien heterogeneotasuna nabarmendu dute. Ardo Azoka posible egin duten kolaboratzaile eta laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkiete Batutako kideek.
Ekintzaileak
Euren moduan enplegua sortzeko lanean aritu diren pertsonen lekukotzak izan ziren Ardo Azokaren baitan. Juan Cruz Bengoetxea Saez de Maturana Altsasuko Kooperatibako kideak gogora ekarri zuen enpresa sortzeko prozesuaren aurreko egoera. Urtetan lantoki berean aritu ondoren, 50 urterekin langabezian ikusi zuten euren burua. Kooperatiba sortzeko izan zuten jarrera aldaketa aipatu zuen.
Bocalan Biak Bat fundazioko kide Josu Mendez Key txakurrarekin joan zen. Animaliekin lagundutako terapien arloan egiten duen lana azaldu zuen. Hura legeztatzeko dagoen lege hutsuneak sortzen dizkion buru hausteak nabarmendu zituen, baita aurretik egindako borondateko lana. Lakuntzako Espe, Saioa eta Naiarak psikomotrizitate terapiak, bai terapeutikoak bai prebentziokoak, eskaintzen dituzte 3 eta 6 urteko haurrendako. Terapien berri eman zuten. Ilbeltzean abiatuko dira.
Bricotrainning-aren berri ere izan zuten Ardo Azokan izan zirenak. Lidergoa garatu eta erabakiak hartzeko tailerrak egiten ditu Brikoyimi enpresa altsasuarrak. Lantegian beste enpresetako plantillak hartzen dituzte. Euren lan esparrutik kanpora lan taldea zerbait egin behar dute han dauden tresnekin. Lan taldea nola antolatzen den, nola hartzen diren erabakiak eta abar ikusteko aukera ematen du ariketak, Batutakoek beraiek probatu dutena. Hori guztia lortu ahal izateko egindako bidea azaldu zuten enpresako kideek.
Igandean
Etxarri Aranatzen antolatutako Zorri Azokan parte hartuko du Batutak. Euren proiektuak aurkeztearekin batera pintxoak eta ardo egosia salduko dute.