Asensio Iruñean sarituta

Guaixe 2013ko abe. 19a, 18:08

Sari banaketan euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko mezuak presente egon ziren.

Iruñeko Udalak atzo banatu zituen XXIV. egile berriendako literatura lehiaketako sariak. Narrazio laburren atalean 16 lan aurkeztu ziren eta epaimahaiak lehen saria Jose Luis Asensio Igoari eman dio (2.500 euro). Ixa Asap izenburuko lana aurkeztu du lehiaketara etxarriarrak. Epaimahaikideen iritziz Asensioren lana “umore ukituko kontakizun bizi eta dinamikoa da. Hizkuntza eraginkorra darabil, ia zinematografikoa”.

Informatika denda batean lan egiten duen emakume gazte baten bizitzako egun batzuk kontatzen ditu Asensiok. Bere egunerokotasuneko aspektuek markatutako kontakizuna da, erlazioa duen pertsonek, kale egindako maitasun istorioak eta arrakasta izan duten beste batzuk nahasten dira kontakizunean.

Etxarriarrak azaldu digunez, txikitatik izan du idazteko gogoa (Guaixen komikien inguruan idazten du). Unibertsitatean Hipokresia izenburuko lan batekin ere saritua izan zen. Eta bere buruari noizbait eleberri bat egiteko erronka jarri dio.

Aipamena
Epaimahaiak ere lau aipamen berezi eman zituen eta haietako bat Izaskun Etxeberria Zufiaurrerendako izan zen. Altsasuarrak Indaba txuriak galeperrekin idazlana aurkeztu zuen lehiaketara. Irratia lagun duela, hamar urteko nesaki batek narratzen du, bere haurraren ikuspegitik, 1973. urtean gertaturiko hainbat gertakari. Familia, inguruko  pertsona eta bere gora behera batzuk ere kontatzen ditu sukalde giroan Lucecita sintoniaren konpainian.