Instantzia bidez Biurdanako gimnasioa konpontzeko eskaerak

Guaixe 2013ko abe. 19a, 08:17
Iruñeko Iparreko Institutu Batzordea Hezkuntza Departamentuaren pasibotasuna eta gelditasuna salatu du

Arakilgo eta Irurtzungo DBHko ikasleak hartzen ditu Biurdana institutuak. Ikasle masifikazioa dagoela salatzen ari dira aspaldi Iruñeko Iparreko Institutu Batzordean bilduta dauden Biurdana, Irurtzun, Orkoien, Sanduzelai eta Patxi Larranizar ikastetxeetako guraso elkarteak.

Atzo Hezkuntza Departamentuaren egoitzan 708 instantzia erregistratu zituzten. Guztietan Biurdanan gorputz heziketa ikasgaia behar bezala jasotzeko irtenbidea berehala ematea eskatzen da. Izan ere, 30 gimnasia klase daude ikastetxean eta haietatik 19tan bi klasek bat egiten dute. Beraz, bat gimnasioan gelditzen da eta bestea kalean edo ekitaldi aretoan aritzen da.

Aldi berean, instantzien bidez gimnasioaren gaiaz arduratzen den pertsona zein den jakin nahi dute. Azkenik, arduradun horrek orain arte eman dituen urratsak azaltzeko eskatzen dute instantziek.

Proposatutako konponbideak
Biurdanako institutuko kirol pistak estaltzea (250.000 euro) edo, behin-behinean, Anaitasuna kirol elkarteko azpiegiturak erabiltzea.

Kronologia laburra (aurretik urteak)
2012ko maiatza Biurdanako zuzendaritzak Hezkuntza Departamentuan arazoaren berri
emanez txostena aurkeztu zuen.

2012ko maiatza Iñigo Huarte eta Teresa Úcarrek Institutu Batzordeko ordezkariei arazoaren konponketa aztertzen ari zirela jakinarazi zien

2012ko garagarrila Nafarroako Parlamentuaren Hezkuntza batzordeak aho batez (UPN barne) Biurdanako gabeziak konpontzeko ebazpena bat onartu zuten. Gabezi horien artean gimnasioarena ere bazegoen.

2013ko garagarrila Hezkuntza Sailako arduradunek Biurdana Institutuko Zuzendaritza taldeari arazoa konponbideko bidean jarriko luketela esan zioten.

2013ko lastailaren 31n Biurdana institutuko zuzendaritza taldea familiei gutun bat igorri zien Biurdanaren gimnasioak zituen arazo larriez jakinarazteko.

2013ko azaroaren 14an Jose Iribasek, hezkuntza kontseilariak, Parlamentuan ezer ere ez dutela egin erantzun zuen eta gabonetarako zer edo zer pentsatuta izanen dela esan zuen.