Iritsi da Binakakoa

Guaixe 2013ko abenduaren 19a

Bilbon aurkeztu zuten Binakakoa, asteazkenean. Argazkia: Aspe.
Ezkurdiak eta zabaletak bikotea osatuko dute eta 2009ko txapeldun Xala eta Lasa elkarrekin ariko dira

Martxan da Binakako Pilota Txapelketa. Asteazkenean egin zuten aurkezpena, eta asteburu honetan hasiko da. Txapelketa luzea izanen da. Hasierako ligaxkan 8 bikoteek bi aldiz jokatu beharko dute elkarren kontra eta lau onenak sailkatuko dira finalerdietara. Finalerdietan ere guztiak guztien kontra ariko dira eta bi onenak  helduko dira finalera. Finala apirilaren 27an jokatuko da, ziurrenik, Bilbon.

Ezkurdia Zabaletarekin
Hiru pilotari profesional sakandarrak Binakakoan ariko dira. Joseba Ezkurdia da Asperen berritasuna. Aurreko urtean arbizuarra Gonzalez ordezkatuta aritu zen, baina aurten hasieratik ariko da. Egungo txapeldun Jose Javier Zabaleta etxarrendarrarekin osatuko du bikoa. Bikote sakandar petoa. “Zaila zen txapelketan sartzea, Jon Jaunarena ere hor zegoelako, baina niri eman didate aukera eta oso pozik nago. Ea gai garen txapelketa ondo hasteko” adierazi zuen arbizuarrak. Bikote indartsua osatuko dute biek. Asko ezagutzen dute elkar, afizionatuetatik elkarrekin aritzea askotan tokatu zaielako.

Zubieta eta Xala, 2009koa gogoratzera
Aitor Zubieta atzelari etxarriarrak aspaldiko laguna izango du bikoa: Yves Salaberri “Xala”. Duela lau urte Binakako txapeldunak izan ziren biak, Gonzalezi eta Laskuraini 22-14 irabazita. Lagun handiak dira, elkarri primeran ulertzen diote eta sarritan Zubieta bera Xalaren botileroa izan da. “Xala eta biok bikain konektatzen dugu. Oreka eta ilusio handia nabari diot txapelketari. Pilotari berri asko sartu dituzte eta ea nola erantzuten duten. Zalantza askoko txapelketa izango da” adierazi zuen.
Asperen bikoak klasikoak dira. Asegarcek ekarri ditu sorpresa gehienak, Aretxabaleta, Ladis Galarza eta Mikel Urrutikoetxea gazteekin. Lehiaketa hastera doa!

Bikoteak
Aspe: Titin III.a-Merino II.a, Irujo-Barriola, Ezkurdia-Zabaleta eta Xala-Zubieta.
Asegarce: Olaizola II.a-Aretxabaleta, Bengoetxea VI.a-Ladis Galarza, Urrutikoetxea-Beroiz eta Berasaluze II.a-Albisu.

Binakakoa. I. jardunaldia
Xala-Zubieta / Urritikotxea-Beroiz (larunbatean, 17:30ean, Bilbon. NITRO)
Titin III.a-Merino II.a / Ezkurdia-Zabaleta (igandean, 17:00etan, Eibarren. ETB1).