Asteburuan Espainiako Gimnasia Erritmikoko talde txapelketa jokatu da Granadan. Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikako taldea bertan lehiatu da, bi talderekin: kimuen taldea (5 pilotekin) eta junior taldea (5 uztaiekin).
Iskizakoak Nafarroako beste hiru klubeko gimnastekin batera joan ziren Granadara, autobusez. Asteazken gauean iritsi ziren eta ostegunean txapelketako egoitzan entrenatzen hasteko aukera izan zuten. Ostiralean hasi zen lehiaketa.
Amaia Olmo eta Cristina Remolina entrenatzaileen aginduetara aritu dira Iskizakoak. Kimuek lehen pasea ostiral goizean egin zuten eta juniorrek arratsaldean. Ariketa ongi defendatu zuten bi taldeek, baina akatsen bat edo beste egin zuten. Aldiz, larunbateko saioan, oso ongi aritu ziren. Bukaeran, kimuak 27.ak sailkatu ziren eta juniorrak 34.ak.
“Oso pozik gaude, bai gimnastek eta baita guk ere egindako lana tapiz gainean ikusi delako. Primeran aritu dira, eta gimnastek Sakanan lortzen ari garen maila altua erakutsi digute. Eman diguten notarekin ez gaude horren pozik, baina gure lanarekin kontentu egotea garrantzitsuena dela uste dugu” adierazi digu Amaia Olmos entrenatzaileak.
Txapelketan parte hartzeaz gain, turismoa egiteko aukera izan dute ere gimnastek. Granadako Alde Zaharra eta Alhambra bisitatu dituzte, tarteko.
Beste txapelketetan ere ongi
Espainiako txapelketa baino lehen, urritik abendura bitartean ia asteburu guztietan torneoak izan dituzte Iskizakoek. Donostian, Gasteizen, Bilbon, Logroñon, Eibarren, Iruñean… lehiatu dira, eta Iskizako bi taldeek oso emaitza onak lortu dituzte, bereziki kimuek. Hainbatetan urrezko domina lortu dute eta baita zilarrezkoa ere. Euskalgym txapelketan Iskizako kimuak 20 talderen artean bosgarrenak izan ziren, euren maila bikainaren erakusgarri. “Gure aldetik, zorionak bi taldeei denboraldi osoan egindako lanagatik” gaineratu dute entrenatzaileek.
Larunbatean erakustaldia Altsasun
Larunbatean, abenduaren 21ean, Iskiza Sakana gimnasia erritmiko taldeak Gabonetako erakustaldia egingo du Altsasuko Burunda pilotalekuan, 11:30ean. Euren lana ikustera gerturatzeko gonbitea egin dute.
Iskizako gimnastak Espainiako txapelketan
Kimuak: Irati Begiristain, Eider Goikoetxea, Eneritz Regil, Olatz Gil eta Argider Orabengoa.
Juniorrak: Alaitz Solozabal, Saioa Iraizoz, Cristina Nuncio, Ainhoa Imaz eta Olaia Agirre.