LABek gobernuaren kontrol ideologikoaren obsesioa salatu du

Guaixe 2013ko abe. 19a, 21:19

LAB sindikatuak  “UPNk eta PPk Nafarroako hezkuntzaren kontrako kanpaina” salatu asmoz erregionalisten egoitzaren aurrean kontzentrazioa egin zuen ostiralean. Han 6 metro luzeko pankarta zabaldu zuen, zeinetan 1936ko gerrakoan errepresioa jasan zuten 293 irakasle nafarren izen abizenak agertzen ziren. Haien artean Sakanan ari ziren 14 irakasle daude. Horrela, LABek orduko eta egungo zerrenda beltzak salatu nahi izan zituen.

Enplegu eta soldata kenduz zigortu eta ondorioz eskola galdu zuten Justo Irure Etxebarria (Iturmeni) eta Isidro Carlos Martxueta  (Urdiain). Eskola galdu eta urte batez aritzeko ezgaitu zuten Antonio Zubieta Gorriti (Olatzagutia). Aldiz, Manuel Garcia Rodriguez (Uharte Arakil), Carlos Rodriguez Perez (Lakuntza), Milagros Fernandez Marañon (Altsasu), Juan Rubio Lezea (Altsasu) eta Victor Uharte Errazkin (Altsasu), kargugabetu egin zituzten. Bestelako zigorrak jaso zituzten Pedro Lopez Dejerena (Errotz), Amelia Garro Garcia (Uharte Arakil), Victoriano Aguado Baza (Etxarri Aranatz) eta Virginia Alonso Peña (Etxarri Aranatz). Azkenik Daniel Garrido Jimenez (Etxarri Aranatz) eta Domingo Bados Garcia (Olatzagutia) fusilatu egin zituzten.