Gabonen aurreko igandean urtero errepikatu ohi denez, Aralarko Santutegiak igandean Mendigoizale Eguna hartuko du. Mendizaleek oso gogoko dute zita hau, besteak beste hildako mendizaleak oroitu, Nafarroako mendi klubetako gainontzeko mendizaleekin elkartu eta egun polita pasatzen dutelako. 1964.ean urte horretan hildako hiru mendizale gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren eta hortik aurrera urtero errepikatu izan da. Hortaz, aurtengoa mendizaleen festaren 49. edizioa izango da, eta Anaitasuna klubak izango du ekitaldia antolatzeko ardura.
Festa mendizaleen topaleku denez, mendizale gehienek oinez joko dute Aralarrera. Gehienek Uharte Arakilgo bidea aukeratuko dute, baina Sakanako Mendizaleak taldetik Lakuntzatik abiatzeko deia egin dute, eta egongo da Madotzetik, Lizarrustitik eta Lekunberri aldetik joko dutenek. Behin Aralarren, hildako mendizaleen oroimenezko meza izanen da. Mendizaleek euren mendi materiala bedeinkatzeko aukera izango dute eta, jakina, Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera. Segidan hamaiketakoaren txanda izango da, trikitixa doinuekin girotutakoa, eta kanta eta dantzen tartea helduko da.
Egun polita izaten da Mendigoizale Eguna, Nafarroako mendizale guztien bilgune, joandakoak oroitzeko eta aspaldiko mendizaleak ikusteko eguna. Gainera, urte bukaera ospatzeko modua ere bada. Nafarroako Mendi Federazioak mendizale eta nafar guztiei igandean Aralarren biltzeko gonbita egin die.
Egitaraua
8:30ean: Aralarko San Migelera igoera, klub bakoitzak aukeratu duten bidetik abiatuta.
10:45ean: Meza Aralarko Santutegian, Mikel Garziandia kaperauaren eskutik.
11:30ean: Hamaiketakoa.
13:00etan: Festa bukaera.
* Trikitixa eta panderoaren doinuek festa girotuko dute.
Aralarren bi meza
Mikel Goiengeruaren Kofradiatik adierazi digutenez, Mendigoizaleen eguna dela eta bi elizkizun izanen dira igandean Aralarren. Mendigoizaleena 10:45ean izanen da, eta iganderoko ohiko meza, aldiz, 12:30ean. Bide batez, Kofradiak Eguberri eta Urte Berri on bat opa die Guaixeko irakurle guztiei.