Hezkuntza komunitatea kontrolatzeko ezker abertzaleak lukeen asmoen berri jasotzen zuen Guardia Zibilaren ustezko dokumentu baten berri zabaldu du UPNk. Horren harira D ereduaren kontrako adierazpenak egin dituzte buruzagi erregionalistek. “Informazio faltsu eta adierazpen politiko arduragabeen soka luzearen aurrean” Aralarko Mikel Donea institutuko klaustroak eta eskola kontseiluak, aho batez, adierazpena adostu dute.
Lehenik, institutuko hezkuntza komunitateak Nafarroako Gobernuak, Lehendakaria eta Hezkuntza Kontseilaria buru, hezkuntza ideologikoki kontrolatzeko erakutsi duen asmoa arbuiatu du. “Bere jarduerak kultura demokratiko eskasa erakusten du; adierazpen, elkartze eta irakaste askatasunarekiko errespetu falta erabatekoa; eta nafar irakasleriaren lan hezitzailearekiko mespretxu onartezina”.
Institutuko klaustroak eta eskola kontseiluak Guardia Zibilak 1.600 profesionalen gaineko ikerketa indiskriminatua salatu du: “beren intimitatearen, integritate profesionalaren eta askatasunaren aurkako erasoa den aldetik. Horrelako jarduerak bertan behera uztea eta dagokion ardurak argitzea exijitzen dugu”. Gainera, irizpide ideologiko eta alderdikoien arabera irakaskuntzako funtzio publikorako sarbidea mugatzeko saiakeren aurka azaldu dira.
Aldi berean, Aralarko Mikel Donea institutuko hezkuntza komunitateak D ereduarekiko errespetua exijitu du: “ berau ematen duten ikastetxeekiko (eskola publikoak eta ikastolak). Baita Sortzen bezala, hezkuntza euskaldun, inklusibo eta hezkidetzaile baten alde lanean dabiltzan elkarteekiko”. Aldi berean, klaustroak eta eskola kontseiluak “Nafarroako irakasleriak egiten duen lan hezitzailea aldarrikatzen dugu, Nafarroako Gobernuaren murrizketa ugarien gainetik kalitateko hezkuntza bermatzeko ahalegin itzela egiten ari dena”. Azkenik, ikertutako irakasleekiko geure elkartasuna adierazten dugu.